Irabazi Zarautzek bat egin du Holokaustoren Oroimenaren Nazioarteko Egunarekin

Zarauzko Hitza 2018ko urtarrilaren 27a

Maria Gesalagaren omenezko plaka jarri zuten 2005ean, Otzarreta jatetxearen aurrean (Aritz Mutiozabal).

Adierazpen instituzional batekin gogora ekarri nahi zuen eguna oposizioko udal taldeak, baina Udal Gobernuarekin akordio batera iristea "oso konplexua" dela eta ez dela posible izan nabarmendu du.

Gaur urtarrilaren 27a da, Holokaustoaren Oroimenaren Nazioarteko Eguna, eta Irabazi Zarautz alderdiak bat egin du biktima haien oroitzapenarekin, arrazismoaren, antisemitismoaren eta giza talde jakin batzuenganako edozein indarkeriaren aurkako borroka berretsiz.

Europako hainbat herrialdetan eskuin muturreko taldeak presente daudela azaldu du Irabazi Zarautzek, eta "horren arrazoietako bat da nazismoak eta beren aliatu fasistek eginiko krimenen memoria galdu egin dela". Aurtengo egunak Etorkizunerako hezi: kokaleku historiekoen eta museoen funtzioa Holokaustoari buruzko heziketan leloa darama.

Gertatutakoa jasotzeaz gain, "bizirik irten zirenena baino lekukotza handiagorik" ez dagoela nabarmendu du. Horren harira, gogora ekarri ditu 2015an omendu ziren Holokaustoko biktima izan ziren Zarauzko bi bizilagun: Maria Gesalaga eta Jose Hernandez.

Adierazpen instituzionalik ez

Irabazi Zarautzek adierazpen instituzional batekin gogora ekarri nahi zuen nazioarteko egun hau, baina ez dela posible izan jakitera eman du. "Hiru urte eta gero, eta EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuak planteatu duten moduan, oso konplexua da akordio bat aurrera ateratzea".

Horri lotuta, Donostiako Udalean, Kataluniako hainbat udalerritan, Madrilgo autonomia erkidegoan eta beste erakunde batzuetan akordioetara iritsi direla nabarmendu du, eta Holokaustoaren Oroimenaren Nazioarteko Eguna gogoan izango dutela. "Espero dugu datorren urtean Zarautzen ere egun hau oroitezko gai izatea".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide