Induo enpresaren fatxada apaintzeko lehiaketa antolatu dute

Zarauzko Hitza 2018ko urtarrilaren 23a

Induo enpresako fatxada.

Lanak otsailaren 1etik martxoaren 31ra aurkez daitezke. Irabazleak 600 euroko saria jasoko du.

Diseinatu zure Zarautz ilustrazio lehiaketa jarri dute martxan Induo sukaldeak eta armairuak zein Arrona Hermanos enpresek. Horren helburua da Induoren eraikinaren aurrealdeetako bat dekoratzeko diseinua aukeratzea, tokiko talentu artistikoa sustatuz. Zarautzen erroldatutako edonork hartu ahalko du parte, bakarka ala taldeka, beti ere, adin nagusikoa baldin bada.

Lanek originalak eta inoiz lehiaketaren batean aurkeztu gabekoak izango beharko dute, eta nahi adina diseinu aurkeztu ahalko ditu parte hartzaile bakoitzak. Exekuzioa eta kontzeptua libreak izango dira, baina adierazgarriak diren Zarauzko puntu geografikoak gehitu beharko dira diseinuan. Horrez gain, nahitaezkoa izango da Induoren eraikinaren kokapena agertzea eta, hori ezean, enpresaren logotipoa. Halaber, Armairuak, Sukaldeak eta www.induo.es kontzeptuak ere gehitu beharko zaizkio ilustrazioari. 

Horma irudiaren kokapena publikoa izanik, ez dituzte onartuko iraingarriak izan daitezken elemeturik. A3 tamainan zein formatu digitalean aurkeztu beharko dira proposamenak. Egilea ez identifikatzeko moduan, diseinuarekin batera lanaren izenburua daraman gutun azal bat aurkeztu beharko da. Bertan zehaztu beharko dira egilearen datuak eta harremanetarako telefonoa nahiz helbide elektronikoa.

Otsailaren 1etik martxoaren 31era bitartean aurkeztu beharko dira lanak, Induoren egoitzan (Maria Etxetxiki kalea, 7). Epaimahaiak apirilaren 15ean jakinaraziko ditu irabazleen izen-abizenak. Hainbat sari banatuko dituzte. Irabazleak,13x4 metroko fatxadan bere diseinua ikusteaz gain, 600 euro jasoko ditu. Bigarren sailkatzen denak, berriz, 300 euro eta hirugarrenak 100 euro. Era berean, antolatzaileek aurkeztuko lanekin erakusketa bat antolatzeko aukera aztertuko dute, lan horien interes artistikoaren arabea.

Informazio osoa Induoren atarian dago eskuragarri, helbide honetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide