'Zelai'-ren marka hautsi du 'Urra'-k Aiako harrijasotze jaialdian

Zarauzko hitza 2018ko urtarrilaren 14a

San Anton jaien bueltan, harrijasotze jaialdia izan da gaur Aian. 100 kiloko zilindro zaharrarekin hiru minutuan 43 altxaldi egitea lortu du Mikel Lopetegi 'Urra'-k.

San Anton jaien barruan, harrijasotze jaialdia izan da Aian. Mikel Lopetegi Urra zarauztarrak hiru minutuan 43 altxaldi egin ondoren, erregistratuta dagoen marka onena egitea lortu du. "Oso nekatuta" zegoela aitortu du Lopetegik, "kostata" aritu da hogeigarren jasoalditik aurrera. Hala ere, bertaratutakoen oihuek indarra eman diote harrijasotzaileari: "Horregatik amaitu dudala uste dut". Duela bi astetik aritu da buru-belarri entrenatzen, eta denbora asko izan ez badu ere, Gabonetako txapelketan harri horrekin aritu izanak lagundu diola uste du.

Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarrak, Gorka Etxeberria oriotarrak eta Inhar Urruzuno ondarroatarrak ere hartu dute parte jaialdian. Tartean, Iraitz Arruti eta Jakes Iruretagoiena harrijasotze gazteek erakustaldia eskaini dute.

Ekitaldiaren amaieran, Nekane Arrizabalaga Aiako alkateak oroigarriak eman dizkie harrijasotzaileei. Aiako Idi Probak elkarteak, Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak eta Aiako Udalak antolatu dute elkarlanean, eta federazioak izan du proba kontrolatzeko ardura.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide