Etxeberri bakegilearen arabera, datozen asteetan izango dira Frantziako espetxeetan dauden presoen lehen gerturatzeak

Zarauzko hitza 2018ko urtarrilaren 13a

Txetx Etxeberri bakegileak Radio Euskadin egindako adierazpenen arabera, Frantziak Lannemezanngo eta Mont de Marsango espetxeetara gerturatuko ditu euskal presoak datozen asteetan.

Frantziarekin negozioaketa esparrua irekita dagoela gogoratu du, eta presoak gerturatzeari dagokionean, Frantziak "kontrako jarrerarik erakutsi ez duela" gaineratu du bakegileak. 

Tarascongo espetxean dago Ekaitz Sirvent zarauztarra, eta Etxeberrik beste zehaztapenik eman ez badu ere, salbuespen egoerari pixkanaka amaiera emango zaiola jakinarazi du. Haren hitzetan, banakako eskaera batzuk Justizia Ministeriora iritsi dira jada; eta horiek izango dira gerturatuko dituzten lehenak.

Ekaitz 0 km dinamika abiarazi zuen abenduan Zarauzko Sarek, haren egoeraren berri eman eta etxeratzea eskatzeko. Zarauztik 672 kilometrora dago Tarascongo espetxea, eta urruntzeak Sirventi "herriarenganako lotura zailtzeaz" gain, egoera horrek senide eta lagunei arrisku, neke, min eta gastu ugari eragiten dietela salatu zuten. Zarauzko Sarek abenduan jakinarazitakoaren arabera, Sirventek egina zuen Euskal Herri inguruko kartzelatara aldatzeko eskaria.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide