ZAEk sei ontzi izango ditu Gipuzkoako Batel Ligan

Zarauzko Hitza 2018ko urtarrilaren 12a

ZAEko seniorren batela (Baleike.eus).

Igande honetan emango diote hasiera txapelketari, Pasaian. Guztira, 11 jardunaldiz osatuta egongo da, eta etxeko elkarteak otsailaren 3an antolatuko du proba.

Igande honetan hasiko da Gipuzkoako Batel Liga, Trintxerpeko Illunbe Arraun Klubak antolatutako estropadarekin. Zehazki, 10:30ean hasiko dituzte estropadak Pasaian; Torreatzetik abiatu eta bokale aldera egingo dute batelek.

Maila guztietako ontzien estropadak jokatuko dira, eta, tartean, Zarauzkoek parte hartuko dute. Zarautz Arraun elkarteak sei ordezkaritza izango ditu, guztira: infantil-kadete nesken mailan bi ontzi izango ditu; kadete mutiletan, bi; jubenil mutiletan, bat; eta senior mutiletan, beste bat

11 jardunaldi izango ditu ligak, eta eskualdean egun hauetan lehiatuko dira: otsailaren 3an Orion izango dute batel estropada, ZAEk antolatuta; otsailaren 24an, Zumaian; martxoaren 25ean, Orion; eta apirilaren 8an, Getarian. Aste honetan hasiko den Liga apirilean bukatuko da, Pasaian bertan. Apirilaren 14an izango da kanporaketa, eta hurrengo egunean, apirilaren 15ean, jokatuko da finala.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide