Urteari amaiera emateko, Aiako III. Slalom automobilismo proba jokatu zen abenduaren 31n, Ubegun industrialdean atondutako zirkuituan. Urraki eta Lagun Artea lasterketa taldeek antolatu zuten igandean jokatutako proba, eta Gipuzkoako Automobilismo Federazioak izan zuen lasterketa kontrolatu eta puntuatzeko ardura.
22 parte hartzailek jokatu zuten proba; hasiera entrenamenduko bi txanda egin zituzten, eta, ondoren, lehiako beste bi. Errebueltie MKK lasterketa taldeko Eneko Labaka albizturtarrak irabazi zuen, 52:73ko markarekin.
Haren ondoren, Durangalde Racingeko Asier Tejado izan zen bigarren marka onena lortu zuen gidaria, 53:79ko denbora eginez; eta hirugarren sailkatu zen Lagun Artea taldeko kide Gorka Olaizola zarauztarra, 54:26ko marka eginda.