Indar Unanuek hirugarren bukatu du Punta Galeako txapelketan

Zarauzko hitza 2017ko abenduaren 30a

Punta Galea olatu handien txapelketa (Punta Galea Challenge).

Nick Lamb izan da beste behin nagusi olatu handien txapelketan. Herriko hainbat surflarik hartu du parte, eta Indar Unanue izan da ondoen sailkatu dena; finalerako sailkatu den bakarra izan da, gainera.

Nick Lamb estatubatuarra izan da txapeldun, erakustaldi bikain baten ondoren; 27.95 puntu lortu ditu (9.35 (x2) eta 9.25 puntuetako olatuekin). Hurrengo postuak oso lehiatuak izan dira, puntu gutxiren aldea egon baita lehiakideen artean. Azkenean, Adrian Fernandez De Valderrama bizkaitarra izan da bigarren, 20.44 punturekin (7.68 (x2) eta 5.08) eta Unanue hirugarren, 19.43 punturekin (6.5 (x2) eta 6.43).

Final-laudenetako laugarren multzoan nagusi izan da Unanue (15.83), eta bigarren Adur Letamendia izan da (14.13). Biak sailkatu dira finalerdietara, baita Imanol Yeregi zumaiarra ere. Yeregi lehen multzoko hirugarrena izan da (12.51); Aritz Aranburu laugarren izan da (10.98), eta ezin izan du kanporaketa gainditu.

Finalerdietan, Unanue eta Letamendia bigarren multzoan lehiatu dira, baina lehenak bakarrik lortu du finalerako sailkatzea: bigarren izan da Unanue (18.73), Francisco Porcelaren atzetik; Letamendia laugarren izan da (16.91). Yeregi lehen multzoan aritu da, baina azken postuan bukatu du, olaturik hartu gabe.

Sailkapena eta kanporaketen puntuazioa ikusteko klikatu gainean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide