Urteko kirolari onenak erabakitzeko hautaketa prozesua jarri dute abian

Zarauzko Hitza 2017ko abenduaren 28a

Iazko Kirol Gala ekitaldia, Modelo aretoan (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Herritarrek beraien proposamenak egiteko aukera izango dute; urtarrilaren 12a baino lehen egin daiteke posta elektronikoz edo kiroldegian dagoen postontzian utziz.

Urteko herriko kirolari eta kirol talde aipagarrienak saritze aldera, udalak Kirol Sariak antolatu ditu beste urte batez. Momentuz, hautaketa prozesua zabaldu dute, herritarrek proposamenak egiteko aukera izan dezaten. Bi bide daiude horretarako: Aritzbatalde kiroldegian dagoen postontzian utzi edo kirola@zarautz.eus helbide elektronikora bidali daitezke, urtarrilaren 12a baino lehen.

Proposamen guztiak dagokion Batzordean aztertuko dituzte, eta sarituak zeintzuk izango diren erabakik. Kirol zinegotzi Iban San Martinek prozesuan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak: "Zarautz kirola bizi duen herria dela argi dago. Kirol asko egiten da, modalitate asko daude, eta kirolaren inguruan lana egiten duten herritarrak ere asko dira. Horregatik, Kirol Sari hauetarako zarauztarroi zuen laguntza eta parte hartzea eskatzen dizuegu, Zarauzko kirolariei, agenteei eta taldeei urtean zehar egindako lanaren aitortza egiteko".

Ondoko kategorietan banatuko dituzte sariak: Emakumezko kirolari onenari, Gizonezko kirolari onenari, Emakumezko talde kirol onenari, Gizonezko talde kirol onenari, Kirol babesletzari, Entrenatzaile onenari eta boluntariotzari emandako Kirola Bizi saria. Horiek otsailaren 2an ospatuko den Kirol Sarien Gala 2017 ekitaldian emango dituzte, Antoniano aretoan, 19:00etan hasita.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide