1.115 euro bildu dituzte La Salleko Jai Solidarioan

Zarauzko Hitza 2017ko abenduaren 19a

Jai Solidarioa, La Sallen. (Leire Azurmendi)

Fratelli proiektura bideratuko dute jasotakoa, Libanon dauden Siriako haur eta gazte errefuxiatuentzat gizarte eta hezkuntza inklusioa bultzatzeko.

Larunbatean ospatu zuten La Salle ikastetxean Jai Solidarioa. Azken urteetako ohiturari jarraituz, "familiek une atsegin bat elkarrekin pasatu eta Gabon giroan murgiltzeko aukera izan zuten". Etxeko txikienentzat eskulanak egiteko eta aurpegiak margotzeko txokoa atondu zuten. Taberna bat ere jarri zuten; txistorra pintxoak eta Gabonetako gozoak banatu zituzten, borondatearen truke. Gabonetako musika emanaldia eskaini zuten LH 4. mailako ikasleek eta koplak abestu LH 5.mailakoek. Bingo Solidarioa ere antolatu zuten eta "arrakasta" izan zuen, heldu zein ume, denak jolastu baitzuten.

Emanaldi eta jolas horiei esker, 1.115 euro bildu dituzte eta Fratelli proiektura bideratuko dute. La Salleko Proyde-Proega Gobernuz Kanpoko Erakundeak Libanon dauden Siriako haur eta gazte errefuxiatuentzat gizarte eta hezkuntza inklusiora bideratuko du jasotakoa.

Bestalde, Jaia aprobetxatuz, DBHko ikasle talde batek arropa bilketari amaiera eman zion. Emaus fundazioarekin elkarlanean, erabilitako arropa bildu dute. "Oraindik ez dute daturik, baina iaz 340 kilo arropa bildu ziren. Horietatik 190 kilo bigarren eskuko dendan saldu ziren, 1.640 euro eskuratuz. Egoera txarrean zeuden beste 150 kilorekin trapuak eta isolakinak eginez", jakinarazi dute La Salletik.

Era berean, ikastetxeak Bidezko Merkataritzaren aldeko eskola bezala ziurtagiria duenez, Bidezko Merkataritzaren dendak bere lekua ere izan zuen jai horretan. Astero egoten dira Ikastetxeko kanpoaldean, eta hilero Lege Zaharren enparantzan jartzen dute euren postua. "Dendan ere izan zen mugimendua".

"Beraz, eguerdi arte ederra pasatzeko aukera izan zen eta, bide batez, modu batera edo bestera elkartasuna adierazteko aukera", nabarmendu dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide