Ertzaintzak 21 eta 19 urteko bi lagun atxilotu zituen atzo, Asti kirolguneko instalazioetan lapurreta egitea egotzita. Pertsona batek atzo goizaldera deitu zuen Ertzaintzara, 07:45 aldera, errugbi zelaiko aldagela inguruan linterna argiak ikusi zituela azalduz.
Agenteek kanpoko aisialdi gunean bi gazte topatu zituzten, eta haiek identifikatu bitartean, egiaztatu zuten pertsiana igota eta kristal bat hautsita zeudela instalazioetako tabernara sartzeko gunean. Era berean, Zarauzko Udaltzaingoa ere bertaratu zen zegozkion egiaztapenak egitera, eta bertan aurkitu zituzten oinetako arrastoak identifikatutako bi lagunek zeramatzaten oinetakoekin bat zetozela ohartu ziren.
Hori dela eta, ertzainek atxilotu egin zituzten jabetzaren aurkako delituak eta indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Atxilotuak gaur, astelehena, eraman dituzte epailearen aurrera.