Gabon Kontzertu bikoitza eskainiko du Zarautz Abesbatzak datorren astean; lehena, herrian bertan, eta bigarrena, Legution. Abesbatzako hiru taldeak –Txinpirin, Zarautz-Txiki eta Zarautz Abesbatza– ariko dira kantuan hilaren 15ean, 20:00etan, Frantziskotarren elizan. Gabon giroan murgiltzeko abestien errepertoria eskaintzeaz gain, abesbatzako emakumeek jantzi berria estreinatuko dute. Donostiako Sorika jostundegiko Rakel Olivera jostunak egin dizkie, hain zuzen ere.
Hilaren 17an, berriz, Legution abestuko du, bertako Laguntza Txistulari taldearekin eta Gasteiztik bertaratuko diren metalezko lau musikarirekin batera; bina tronpeta eta tronboi, alegia. Herriko jendearekin batera abestuko dute; aurrena herriko plazan, 12:00etan, eta San Blas elizan ondoren, 13:00etan eskainiko duten Gabon Kontzertuan.
Besteak beste, Imanol Urbietaren Alavatik Arabara kantauko dute, eta Elkar Gaitezen ere abestuko dute. Legutioko ikastolako haur, gazte eta gurasoek ikasi berri duten Alavatik Arabara kanta abesteko aukera izango dute, baita bertaratuko diren guztiek ere.
Herrien arteko harremana
Zarautz Abesbatza herrien arteko harremana bultzatzeko lanean ari da kantuaren bitartez, herrietako udalekin eta kultur taldeekin elkarlanean, kultura zabaltzeko eta euskara sustatzeko asmoz. "Iaz, aurten egiteko proiektuetako bat, Gabon Kontzertua beste herri batean ematea otu zitzaigun, eta Legutio aipatu genuen arrazoi berezirik gabe", diote Zarauzko Abesbatzatik. Bertako udalarekin eta txistulariekin harremanetan jarri ziren, proiektua aurkezteko, eta "ilusio handiz hartu zuten guztia".
Kasualitateak ere izan direla adierazi dute abesbatzakoek. Izan ere, "Imanol Urbietak Alavatik Arabara kanta Arabarentzat egin zuen, eta aurtengo ekainean Gasteizen egin genion Kanon Kantu Festa omenaldian, bertaratu ginen 700 pertsonok abesten aritu ginen Arabako ereserki modura". Hori kontuan izanda, kanta hori Legution abestearen eta zabaltzearen "garrantzia" ikusi dute, eta "txistulari eta metalen laguntza izanik, are eta gehiago". Zarautz Abesbatzako zuzendari Jaione Eskuderok txistulari taldearentzat eta lau ahots nahasientzat moldatu du abestia, eta Arabako abesbatza guztiei zabaltzeko asmoa dute, "Gabonetako opari modura".