Herriko saltokiak alfonbra gorriekin apaintzeko Gabonetako kanpaina abian

Zarauzko Hitza 2017ko abe. 6a, 10:00

Iaz 'Zarautzen buy' kanpaina jarri zuen abian udalak.

Murkil elkarteak, Merkataritza Bulego Teknikoak eta udalak jarri dute abian, herritarrak Zarauzko dendetan erosketak egitera animatzeko.

Murkil dendarien elkarteak, merkataritza bulegoko langileek eta udalak Gabonetarako kanpaina berria jarri dute martxan, elkarlanean. Alfonbra gorriz apaindu nahi dituzte udalerriko kaleak. Hori dela eta, herriko merkatarien esku jarriko dituzte tapizak, bakoitzak bere dendaren aurrean jar ditzan.

Antolatzaileek merkatarien parte hartzea "garrantzitsua" dela nabarmendu dute "egitasmoa arrakastatsua" izan dadin. Horrekin batera, zarauztarrak gonbidatu dituzte herrian erosketak egitera. "Aukera zabala eta zerbitzu paregabea izateaz gain, herriko ekonomiaren garapena bultzatzeko bidea da. Eta ez Gabonetan bakarrik, urte osokoan ere bai", gogoratu du Jesus Arana Garapen Ekonomikoko zinegotziak.

Interesa dutenek doan eskuratu ditzakete alfonbrak, Merkataritza Bulego Teknikoan (Zarautz Lurreko bulegoa, Salegi kaleko 14. zenbakian) edota 943-005129 telefonora deituta.

Iaz jarri zuen martxan udalak herrian erosketak egiteari buruz kontzientzia hartu eta herriko ekonomiaren garapena bultzatzeko kanpaina. Zarautzen buy-erosketak Zarautzen noski izenburupean, herriko lau pertsonaia ezagunen irudiekin osatutako kartelak jarri zituzten Zarauzko kaleetan zein merkatu plazan jarri dituzte: Itziar Aizpurua aktorea, Karlos Argiñano sukaldaria, Yuri Berchiche Realeko jokalaria eta Ainhoa Murua triatletarenak, hain zuzen ere. Horrek izandako "arrakasta" kontuan izanda, aurten beste kanpaina hori abian jartzea erabaki dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide