Herriko argazki "dotoreekin" osatutako egutegia banatuko du udalak

Zarauzko Hitza 2017ko abenduaren 2a

Alkatea eta argazkizale elkarteko kideak, egutegia eskuetan dutela. (Zarauzko Udala)

Astelehenetik aurrera banatuko dituzte Herritarren Arreta Zerbitzuan, Etxezabalan, kiroldegian, Gizarte Zerbitzuetan, Sanz Enean, udal euskaltegian eta Zarauzko Turismo Bulegoan.

Udalak eta Zarauzko Argazkizale Elkarteak elkarlanean osatu dute 2018ko egutegia. 14 argazki "dotore" jaso dituzte. Xabier Txurruka alkateak adierazi duenez, "argazkilari oso onak ditugu gure herrian eta horren isla da" egutegia. Elkarteko 22 bazkideren irudien artean–148 argazki– aukeraketa "zaila" egin ondoren, honakoak dira egutegian jaso dituztenak:

  • Azalekoa, Iñigo Ricok Dora Salazarren Torsion compensada eskulturari ateratakoa
  • Urtarrilekoa, Lorentxo Portularrumeren biotopoaren ikuspegia
  • Otsailekoa, Omar Ulaciak Miguel Angel Lertxundiren Joan etorrian eskulturari egina
  • Martxokoa, Pedro Juan Agirrezabalen San Barbarako ermitaren irudia, udaberri hasiera iragartzeko
  • Apirilekoa, Fermin Etxeberriarena, portura iristen diren olatuen inguruan
  • Maiatzekoa, Ramon Serrasek Torre Luzea parketik ateratakoa
  • Ekainekoa, Javier Carballok hondartzan egina
  • Uztailekoa, Aitor Juaristirenam portuko itsasontziak ageri direna Narros jauregia atzean dutela
  • Abuztukoa, gauez, Juan Mari Tolinek Mollarriri egindakoa
  • Irailekoa, Euskal Jai Egunekoa, Sergio Morenok ttuntturrei ateratakoa
  • Urrikoa, Koadrila Egunean goitibeherei Celina Gorostizagoizak ateratakoa
  • Azarokoa, Joxemai Azkargortak hainbat lagun mahastietan barrena ateratakoa
  • Abendukoa, Rodolfo Glassek Torreoiri egindakoa
  • Biribiltzeko, Marisa Di Santoren argazkia, portukoa.

Alkatea "oso eskertuta" agertu da elkarteko kideek erakutsitako "ilusio eta lanagatik": "Zuek gabe ez zen posible izango". Udalak horman zintzilikatzeko 2.500 ale eta mahai gaineko 800 egutegi atera ditu. Astelehenetik aurrera banatuko dituzte Herritarren Arreta Zerbitzuan, Etxezabalan, kiroldegian, Gizarte Zerbitzuetan, Sanz Enean, udal euskaltegian eta Zarauzko Turismo Bulegoan.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide