Herriko parrilladun jatetxeei aitortza

Zarauzko Hitza 2017ko azaroaren 26a

Parrilladun jatetxeetako ordezkariak eta Ixidor LarraƱaga Turismo zinegotzia (Aritz Mutiozabal).

Zarauzko Parrillaren Jaia ospatu dute eguerdian Lege Zaharren enparantzan. Erretegietako ordezkariak omendu dituzte, eta herritarrek txuleta pintxoak dastzeko aukera izan dute.

Parrilla duten Zarauzko jatetxeak omendu dituzte eguerdian, Lege Zaharren enparantzan. Turismo zinegotzi Ixidor larrañagaren eskutik, ondorengo ordezkariek mantala eta plaka bereizgarri bana jaso dituzte oroigarri gisa: Aiten Etxeko Mitxi Rotaetxek, Ameztigaineko Jon Gurrutxagak, Argoin-Txikiko Alex Vegak, Ariziako Maite Arregik, Berazadi Berri Joxe Antonio eta Imanol Lizasok, Gure Txokoako Joxe Mari Mitxelenak, Itxas-Berriko Aitor Itxasok, Otzarretako Bittor Gesalagak eta Zubi-Ondoko Gorka Laburuk, hain zuzen ere.

Aipatu jatetxeak ezagutzera emateko eta bultzatzeko asmoz antolatutako Zarauzko Parrillaren Jaiaren barruan egin dute ekitaldia. Ondoren, dastaketarako tartea izan da: Ameztigaineko lantaldeak Gesalaga etxeko txuletak prestatu ditu parrillan; pintxo bakoitza euro batean dastatzeko aukera izan da, eta pintxoa nahiz edaria –Ariziako sagardoa ala ura aukeran– euro eta erdian, alegia. Jaialdiak harrera ona izan du, bai txartelak erosteko bai pintxoak eskuratzeko ilada luzeak sortu baitira.

Hotz Zarautz taldeko kideak aritu dira boluntario gisa lanean, eta ekitaldian bildutako dirua haien proiektu solidarioak bultzatzeko bideratuko dute. Bestalde, haurrentzako mantal tailerra egon da, eta musika eskolako txistulariak ere ariu dira kalez kale.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide