Aspalditik lantzen ari zen lana izan dela nabarmendu zuen Lertxundik, joan den hilean Radio Euskadiko Iflandia saioan eskainitako elkarrizketan. Memoria da landu duen gaia; izan ere, "memoriarik gabe ezer ezin da eraiki". Era berean, bere ia lan guztietan memoria presente egon dela azaldu zuen.
Ereinek bere webgunean jarri du liburuaren sinopsia: "Itzultzailea da nobela honetako narratzailea. Kode batetik beste batera hitzak pasatzen espezialista. Bizitzan ere halatsu, kode batetik bestera pasatu beharra du mundua ulertuko badu. Maite du bere lana, baina hor sortzen zaio arazoa. Haurtzaroan gertatu ziren pasarte lauso batzuk nahasten zaizkio buruan, Martarekin bikote harremanari ekin behar dion une berean, noiz eta amari, kode haiek erraz itzuliko zituen pertsona bakarrari, memoria husten eta hondatzen zaion garaian".
Donostiako Udal Liburutegiko sotoan aurkeztuko du eleberri berria, hilaren 30ean, 11:00etan.
