Zumaiako bizilagun Eneko Merino hondarribiarrak irabazi du Urola Kostako kultura eta sormen industriak sustatzeko logo eta lelo lehiaketa. Atzo eguerdian jaso zuen 1.200 euroko saria Urola Kostako Udal Elkartean egindako ekitaldian, Sorkide, Urola Kostako Kultura eta Sormen Industriak lanagatik.
Irailean abiatu zuten lehiaketa, eta udal elkartea osatzen duten udalerrietan (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) kultura eta sormen industrien alorrean diharduten pertsona, enpresa eta ekintzaileek zuten bertan parte hartzeko aukera. Zazpi proposamen jaso dituzte, eta saria banatu baino lehen, lanak defendatzeko aukera izan zuten guztiek. Hala, diseinuaren sorkuntza prozesuaren gaineko azalpenak eman eta aurkeztutako lanak erakutsi zizkieten parte hartzaileek bertaratutakoei.
UKUEko Enpresentzat Zerbitzuak saileko teknikariak, prospekzioa teknikariak, mankomunitatea osatzen duten udaletako bi kultur teknikarik eta Kultur eta Sormen Industrietako aditu batek osatu dute epaimahaia, eta urriaren 26an batu ziren lanak aztertzeko. Aurkeztu diren proposamenen «maila, lanketa eta egokitasuna» azpimarratu zuten.
Aldundiaren Gipuzkoako lehiakortasuna eta lurralde kohesioa sustatzeko programaren laguntzarekin garatutako Urola Kosta, eskualde sortzailea egitasmoaren bidez, UKUEk bailarako kultura eta sormen industrien gaitasun, ahultasun eta beharren azterketa egin du. Sektoreko profesionalekin hainbat topaketa egin ondoren, arlo hori indartzeko sektorean «sare bat» eratzea eta «sektorea profesionalizatzea» agerian geratu dela azaldu zuten. Horregatik erabaki zuten logo eta lelo lehiaketa martxan jartzea.
Honenbestez, udal elkarteak bailarako sormen eta kultura industrien lehiakortasuna hobetzeko bideratuko dituen ekimenetan Merinoren proposamena erabiliko du.