Laugarren urtez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearekin egingo du bat ZarautzOn elkarteak. Gaia hiriburuetatik eta zentro teknologikoetatik ateratzeko asmoz, aurten ere Zarautzen Zientziaz Blai ekitaldi berezia antolatu dute. Azaroaren 7an, datorren asteartean izango da, eta zientzia eta teknologia alorreko ikasle nahiz adituak diren Zarauzko gazteak gonbidatu dituzte, euren proiektuez hitz egin eta gaia herritarrei gerturatzeko asmoz.
Hain zuzen ere, lau izango dira hitzaldiak eskainiko dituztenak; horietatik hiru ikerlariak dira, eta laugarrena, berriz, Lanbide Heziketako ikaslea. Batetik, Amaia Isasti farmazialarik hartuko du hitza. EHUko Farmazia fakultateko doktoregaiak NT2 lerro zelularraren erabilera biomedikoari buruz jardungo du. Bestetik, Laura Arregi fisikari zein EHUko eta Tekniker IK4 zentroko doktoregaiak metalen hiru dimentsioko inprimatzeari buruz azalpenak emango ditu.
Horiekin batera izango da Oihana Aranburu biomedikuntzako ingeniariak bere ibilbidearen berri emango du. Izan ere, udatik hona KiroGrifolsen enpresan produktuen garapenean ari da lanean. Era berean, Iñaki Etxaide mikroinformatika eta sareetako teknikari zein fabrikazio mekanikoen diseinuko ikasleak, berriz, bere proiektua aurkeztuko du: Txapelinoa. Inguruko objektuekin harremantzen den txapel adimenduna dela aurreratu dute.
Machoren agerraldia
Ekitaldia biribiltzeko, Marta Macho Matematikan doktore, EHUko irakasle eta iazko Berdintasunerako Emakunde saridunak egingo du agerraldia. Ekitaldia 19:00etatik aurrera izango da, Antoniano aretoan. La mecanica del caracol Radio Euskadi irratiko zientziaren dibulgaziorako saioko arduradun Eva Caballerok egingo ditu Zarautzen Zientziaz Blai ekitaldiko aurkezpen lanak.
Bertaratu ezin dutenek, ohiko moduan, streaming bidez zuzenean jarraitu ahal izango dute astearteko ekitaldia. Horretarako, zarautzon.nirestream.com webgunea izango da erabilgarri, ZarautzOnek antolatu ohi dituen gainontzeko ekitaldietan bezala.