"EBA ligan irabaztea berez konplexua izaten baldin bada, aurten gauzak zailxeago jarri dizkiete Ulacia Grupoko mutilei. Udan izandako mugimendu guztien ondorioz, euren multzoan bi talde gehiago dira aurten". ZASTetik adierazi dutenez, "bata apalagoa bestea baino". Bihar talde "benetan indartsua" izango dute aurrez aurre zarauztarrek: Zornotza. Arerioaren etxean ariko dira, Larrea kiroldegian, 18:30etik aurrera.
"Aurrekontu potloa dute bizkaitarrek EBA liban aritzeko; izan ere, aurreko urteetan Zilarrezko LEB ligan aritu izan dira", jakinarazi dute. Iñaki Jimenez Ulacia Grupoko entrenatzaileak adierazi duenez, "datorren astera begira indartsuagoak izateko entrenamendua" izango dela larunbatekoa. Jakinarazi du Zornotzak hiru estatubatuar, bosniar bat eta serbiar bat dituela taldean, eta baita Bizkaiako "promesetako bat" ere: Unai Mendicote. Hala, kantxan "dena ematera" irtengo dira zarauztarrak. "Zaila badelako, baina sekula ez ezinezkoa".
Infantilak eta kadeteak
Hego Euskal Herriko infantil eta kadete selekzioen txapelketak jokatuko dituzte hainbat tokitan, asteburuan. Jakinarazi dute kadete mutiletan Imanol Artetxe izango dela ZASTeko ordezkaria, eta infantil nesketan, berriz, Iraia Alday zein Nora Bereziartua jokalariak nahiz Asier Recondo entrenatzailea.
Juniorrek, aldiz, aste honetan hasiko dituzte entrenamenduak eta Jairo Torres deitu dute bertan izateko.