«Ez daukat harriari gehiago eskatzerik, guztia eman baitit»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko urr. 26a, 09:00

Joxe Ramon Iruretagoiena 'Izeta II.a' harrijasotzaile (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Hiru hamarralditik gora harria jasotzen jardun ondoren, erretiroa hartzeko erabakia hartu du Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a harrijasotzaile aiarrak. «Egin beharreko guztiak» eginda, «harro» dagoela dio, eta hala agurtuko du ibilbidea.

Hiru hamarraldi harria jasotzen jardun ondoren, zaila izan al da erretiratzeko erabakia hartzea?
Bai, zaila izan da, baina, finean, hartu beharreko erabakia zen. Pentsatu nuen orain zela garai ona. 50 urte ditut eta oraindik ere sasoian nago, eta betidanik garbi izan dut maila onarekin amaitu nahi nuela ibilbidea. Nik uste dut kirolari batek erretiratzerakoan ere maila jakin bat erakutsi behar duela. Beraz, erabakia zaila izan da, baina, aldi berean, erraza.

Duela 32 urte hasi zenuen harri jasotzaile ibilbidea. Nola gogoratzen duzu hasiera hori?
14-15 urterekin hasi nintzen, Urdaneta auzoan. Festetan-eta herri kirolak egiten genituen, ahal genuen moduan. Izan ere, hasiera ez zen erraza izan: ez zegoen eskolarik, ez geneukan harririk ere, ez genekien arropa nondik atera... Horrenbestez, norberak ahal zuen bezala entrenatzen zuen. Baina gogoa jartzen genuen, eta gogoa jarriz gero, gauzak aurrera ateratzen dira.
 
Noiz ikusi zenuen harria jasotzen jarduteko balio zenuela?
Balio duzula jakiten duzu behin hasi eta ongi moldatzen zarela ikuste duzunean. Lehenbiziko ekitaldi hartan, Urdanetan debutatu nuenean, 100 kiloko kubikoarekin bigarren postuan sailkatu nintzen. Txapeldunorde geratu arren, ez zen izan altxaldi kopuru ikaragarria ere. Baina  balio izan zidan ikusteko kapaza nintzela harria jasotzen aritzeko.

Urteak aurrera joan ahala halako maila emateko gai izango nintzela pentsatu al nuen? Noski ezetz. Baina kirolari bat saiatzen bada eta gogor entrenatzen ba­du, lor dezake, nik lortu dudan bezala. Horregatik, gaurko gazteei horixe bera esaten diet: entrenatuz gero eta gogoa jarriz gero, urrutira heltzeko aukera izan dezaketela. Askotan gure esku egon ez arren, norberak saiatu egin behar du aurrerapausoak ematen. Ez gurean bakarrik, baizik eta kirol guztietan eta baita bizitzan oro har ere. Oso garrantzitsua da hori.

Lan luzetako harrijasotzailea zarela diozu, fondista. Nolakoa izan da zure garapena?

Bai, lan luze ugari egin ditut. Harrijasotzaileen artean, agian lan luze gehien egin dituena izango naiz. Lan motzetan ere ongi moldatzen naiz, baina luzean are hobeto. Horretarako, asko landu behar duzu, erresistentzia irabazi behar duzu.

Zentzu horretan, asko entrenatu dut. Beldurgarri, esango nuke. Larunbateko ekitaldian, esaterako, 10.000 kilo altxatuko ditut, baina entrenamenduetan 150.000 kilo jaso izan ditut. Izan ere, 10.000 kilo altxatzeko lan andana egin beharra dago, kilo asko altxatu behar da, bestela giharreek ezin diote eutsi. Horregatik, asko landu izan dut alor hori nire ibilbide guztian. Hori izan da sekretu bakarra, hori eta jarraikia izatea.

150 txapeletik gora irabazita, 40 marka baino gehiago hautsita... Zein izan da zuretzat harrijasotzaile gisa unerik onena?
Nik momentu on asko bizi izan ditut hasi nintzenetik ia gaur egun arte. Baina adin bat izan nuen oso ona, jokatzen nuen lehiaketa bakoitza irabazten nuena. Harrijasotzaile guztiek izaten dute bolada hori, eta polita izaten da. Orain arte irabazten jarraitu dut, gainera, eta horrek poza ematen du. Maila nahiko onean ibili naizela esango nuke, eta hori pozgarria da.

Une onak bizi izan dituzu, baina baita txarrak ere. Lesioak, esaterako.
Bai, azkeneko lesioarekin une oso txarrak pasatu nituen. Baina horrek ere beste alde ona izan du. Horri esker hasi bainintzen esku bakar batekin harriak jasotzen. Duela bizpahiru urte izan zen hori. Ezkerreko besoa igeltsatuta nuela, bestearekin altxatzen hasi nintzen; haur baten antzera, 30 bat kiloko harri koxkorrarekin ekin nion. Ez nuen uste ikasiko nuenik, eta ikasita ere, ez nuen uste abiadura horrekin altxaldiak egingo nituenik.

Berandu hasi nintzen, baina ikasi egin dut. Hain justu ere, duela 15 egun esku bakarrarekin marka bat hautsi nuen, inork orain arte egin ez duena: minutu batean 18 aldiz jaso nuen 100 kiloko zilindroa esku bakarrarekin. Horregatik aukeratu dut agurreko ekitaldian harri horrekin lan egitea, azken marka hausten lagundu didan harriarekin. Horrekin eta baita debutatu nueneko harriarekin ere: 100 kiloko kubikoarekin, alegia.  Beste hainbat harri ere izan dira bereziak niretzat, baina uste dut bukaera emateko aukera ona dela: hasierako harria eta azken marka lortu dudan harria.

Asebeteta agurtuko duzu ibilbidea, beraz.
Bai, bai, dudarik gabe. Orokorrean, egin beharreko guztiak egin ditudala esango nuke. Harriak dena eman dit. Ahal nituen marka guztiak egitea lortu dut eta ez daukat ezer gehiago eskatzerik. Lesioak izan ditut, horietako bi nahiko larriak, baina hortik ere ongi atera naiz. Ez nago ezertaz damututa. 30 urte pasatxoetan denbora izan dut ahal nuen guztia egiteko. Harro nago eta hala agurtuko naiz.

Zure ondorengoek jarraipena emango diote...
Bai, Hodei semea eta Jakes bilobaz gain, Harri Jasotze eskolako gazteak atzetik indartsu datozela jakiteak poza ematen du. Gogotsu daudela jakiteak bete egiten nau. Asko gustatzen zait haiek entrenatzea; izan ere, nik garai hartan ez nuen halakorik izan, eta ahal nuen bezala egin behar izan nuen bidea. Horregatik, argi neukan eskola bat sortzea beharrezkoa zela, gazteei probatzeko eta ikasteko aukera emateko. Horrek benetako poza ematen dit.
 
Eta ziur al zaude ez zaizula berriro ere harra piztuko?
Horrekin lotuta badut beste erronka bat. Bilobak 9 urte ditu eta oso gaizki ari da pasatzen nire erretiroarekin. Hori dela eta, zera agindu diot: hemendik 7-8 urtetara 100 kiloko harria jasotzeko gai baldin bada eta ni oraindik ere sasoian baldin banago, itzuliko naizela harekin plazaren batera marka bat egitera. Hiru belaunaldi batuko ginateke hala, semea, biloba eta hirurok.

Pentsatzen dut Jakesek 17-18 urte dituenean 100 kiloko harriarekin ongi moldatuko dela. Nik entrenatzen jarraitzen baldin badut, elkarrekin erronka hori aurrera eramatea posible izango dela. Hiruron artean 500-1.000 kilo jasotzea historikoa izango litzateke, polita izateaz aparte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide