Norbere burua zaintzen ikasteko tailerrak antolatu dituzte

Zarauzko Hitza 2017ko urriaren 23a

Zarauzko Osasun Zentroa.

Azaroaren 22an eta 29an zein abenduaren 13an izango dira, eta parte hartzaileek ohiko osasun arazoei aurre egiten ikasiko dute.

Zarauzko Osasun Zentroko profesional batzuk antolatuta, herritarrei zuzendutako launa tailer hezigarri eskainiko dituzte ondorengo egunetan: azaroaren 22an eta 29an zein abenduaren 13an. Tailer horien helburua da norberak bere burua zaintzen ikastea. Hala, parte hartzaileek ohiko osasun arazoei aurre egiten ikasiko dute: besteak beste, sukarra, katarroa, gripea, eztula, beherakoa, gorakoa, zauriak, erredurak, kolpeak, hozkada, ziztada eta odol jarioei. Gomendio orriak ere banatuko zaizkie bertaratzen direnei.

Aipatu hiru egunetan lau saio prestatu dituzte antolatzaileek, eta norberak aukeratu ahal izango du ordutegia, baita zein hizkuntzetan egin nahi duen ere. Horietako bi goizez izango di­ra –09:15etik 11:15etara, gaztelaniaz, eta 11:30etik 13:30era, euskaraz– eta beste biak arratsalde –euskaraz eskainiko dute, 15:00etatik 17:00­etara, eta gaztelaniaz, 17:15etik 19:15era–.

16 urtetik gorako zarauztarrek hartu ahal izango dute parte. Interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena osasun zentroan bertan, 943-00 79 99 telefonora deituta edota OSID.autocuidadoszarautz@osakidetza.eus helbidera idatzita. Izena ematerakoan izen-abizenak, adina, telefono zenbakia eta posta elektronikoa zehaztu beharko dira, baita ordutegiari dagokionez norberak zein lehentasun dituen ere. Azaroaren 13a da izena emateko azken eguna.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide