“ETAren espetxe frontea” osatzea leporatuta, 48 euskal herritar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean (epaiketaren egunik ez dute jarri oraindik). Abokatuak, Herrira, Etxerat eta Jaiki Hadi elkartekoak dira auzipetuak. Auzipetuen artean daude Ainhoa Baglietto abokatu zarauztarra, Eneko Ibarguren azpeitiarra eta Nagore Garcia zumaiarra (azken biak Herrira-rekin lotuta). Guztira, 602 urte eskatu ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak auzipetuentzat; 8 eta 21 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin ditu.
Fiskalaren zigor eskaeren berri emateko agerraldia egin dute auzipetuetako batzuek Donostiako Aieteko jauregiko parkean. Haiei babesa emanez, han izan dira ELA sindikatuko idazkari nagusi Adolfo Muñoz, LABeko Garbiñe Aranburu eta Gipuzkoako ahaldun nagusi ohi Martin Garitano, besteak beste.
Akusazio eta zigor eskaeren larritasunagatik kezka agertu dute. Horregatik, auzia salatzeko deialdietara batzeko dei egin diete alderdi politikoei, sindikatuei eta erakundeei. “Gisa honetako makrosumarioek Euskal Herriko bizitza sozial eta politikoan izan dezaketen eraginak arduratu” egiten dituztela azaldu du Ekhiñe Atorrasagasti kazetariak, auzipetuen babes taldearen izenean. Azpimarratu dute 48 auzipetuek “modu publikoan bakearen alde” lan egin dutela.
- Agerraldiaren berri: Berria.eus-en.