Errugbiko harmailako estalpea, prest

Zarauzko Hitza 2017ko urriaren 6a

Errugbiko harmailen estalpe berria (Zarauzko Udala)

Zaleek bihar erabiliko dute lehenbiziko aldiz azpiegitura berria, Zarautz Rugby Taldearen eta Bera Beraren arteko partida ikusten, 16:00etatik aurrera.

Hainbat hilabetez obretan egon ondoren, prest dago jada errugbiko harmailen estalpea. Aurreko astean amaitu zuten lanekin eta zaleek asteburu honetan erabiliko dute lehen aldiz azpiegitura berritua, ZRTren eta Bera Bera taldeen arteko partida ikusten. Bihar izango dute zarauztarrek partida etxean, 16:00etatik aurrera.

Izaro Huegun arkitekto zarauztarrak zuzentzen duen IHG estudioak diseinatu du estalpea, eta Campezo enpresak burutu ditu lanak, 294.369,40 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin. Uztailaren 3an hasi ziren obrekin, eta hormigoizko eta xaflazko egitura misto bat eraiki dute, errugbiko harmailaren azalera guztia babesteku polikarbonatozko estalki berriari eusteko. Era berean, egungo hormigoizko egitura konpondu dute, bigarren eskailera bat eraiki eta bi korridore mailakatu eraiki eta kanpoko barandak eraberritu dituzte. Hala, aurrerantzean 400 lagunentzat tokia izango da, segurtasun neurri guztiak betez.

"Eskaera historikoa"

"Zarautz Kirol Elkarteko Errugbiko sailaren eskaera historikoa zen erreforma hau egitea eta oso pozik gaude azken emaitzarekin", adierazi du Xabier Txurruka alkateak. "Estalpe berri honekin udalak zuen zorra kitatu dugu, hartu genuen konpromisoa betez". Gogoratu du zaleek 30 urte daramatzatela "inongo konponbiderik" gabe, eta ondorioz, obrak "lehenbailehen" burutzea erabaki zutela, "kirol instalazioak beharrezko hobekuntzez hornitzeko".

Obra hori  Astiko kirolgunea modernazatzeko Udal Gobernuak abiatutako proiektuaren barruan kokatu dute. Hala, aurrez, errepidea eta aparkalekuak asfaltatu dituzte, belar artifizialeko futbol zelai txikiak atondu dute eta transformazio zentro berria eraiki.

Lizardiko kirol pista eta Asti txikio futbol zelaia estali

Kirol instalazioak berritzeko konpromisoarekin jarraituz, alkateak beste obra "handi" bat aipatu du: Aritzbatalde kiroldegia zabaltzea, alegia. "ZKEko hainbat sailen eta Lizardi institutuaren beharrei irtenbidea emango dion kirol pista estali berri bat izango du. Une honetan exekuzio proiektua prestatzen ari gara obrak egiteko ardura eman eta kirol pabilioi berria eraikitzeko lanekin 2018an hasteko", aurreratu du Txurrukak.

Horrekin batera, Asti txikiko futbol zelaia harmaila batekin estali nahi dutela gaineratu du. "Hori ere eskaera historikoa da. Datorren urterako erantzun bat eman nahi dugu".

 

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide