Aurki jokatuko dute Nazareko (Portugal) Praia do Norten Capitulo Perfeito proba. Zirkuituz kanpoko surf txapelketa itxaron epean dago orain; irailaren 23tik urriaren 23ra bitartera arte ezarri dute txapelketa jokatzeko epea. Dagoeneko jakinarazi dituzte zein surflari lehiatuko diren txapelketa horretan–bozketa bidez aukeratu dituzte–, eta tartean dago Aritz Aranburu zarauztarra. Horrek, ordea, proba jokatzeko antolakuntzaren eskutik gonbidapena jaso du, Bruno Grilo bertako surflariak bezala.
Iazko txapelketa irabazi zuen zarauztarrak. Horrez gain, txanda bateko puntuazio altuena eskuratu zuen, eta baita probako olatu onena hartu eta tuborik onena egin ere.