Gizarte ahuldade egoerei aurre egiteko laguntzak emango ditu Ongizate sailak

Zarauzko Hitza 2017ko urriaren 2a

Gizarte ahuldade egoerak prebenitu, saihestu edo arin­tzeko lagun­tza indibidualak emateko deialdia egin du udalak.

Guztira, 150.000 euro banatuko ditu sail horrek beharra dutenei ura eta gasaren gastuak, liburuak edota eskola materiala zein eskolaz kanpoko kirol jarduerak ordaintzen laguntzeko, besteak beste.

Ongizate sailak diru laguntza indibidualen hainbat deialdi egin ditu bigarren urtez jarraian. Horien helburua da gizarte ahuldate egoerak aurreikustea, sahiestea edota arintzea. Guztira, 150.000 euro banatuko ditu sail horrek beharra dutenei ura eta gasaren gastuak, liburuak edota eskola materiala zein eskolaz kanpoko kirol jarduerak ordaintzen laguntzeko, besteak beste.

"Asmoa da familiei oinarrizko gastuak ordaintzen laguntzea krisi zein zailtasun ekonomikoen garai honetan", dio Ongizateko zinegotzi Gloria Vazquezek. "Familia askok ez dute gizarte larrialdietarako nahiz diru sarrerak bermatzeko errentari dagozkien laguntzak jasotzeko irizpideak betetzen. Hala ere, oinarrizko gastuei aurre egiteko zailtasunak izan ohi dituzte. Laguntza horien bidez, haien egoera okertzea saihestu nahi dugu".

Hona hemen eskainiko dituzten diru laguntzen nondik norakoak, zerrendatuta:

  • Argia eta gas fakturak ordaintzeko laguntzak
  • Ur hornidura eta zaborraren udal tasak ordaintzeko laguntzak
  • Ikasketa liburuak nahiz bestelako eskolako materiala erosteko laguntzak
  • Kirol jarduerak egiteko kuotak nahiz materiala ordaintzeko laguntzak
  • Eskolako joan-etorrietako gastuak ordaintzeko laguntzak (baldin eta etxebizitza 50 kilometrora edo gehiagora badago)
  • Guraso bakarreko familietako seme-alaba adingabeak zaintzeko pertsonak kontratatzeko laguntzak

Aurten, gainera, laguntza horiek eskatzeko prozesua erraztu dute. "Laguntzak behar dutenei eskiantzeko ezinbestekoa da prozedura bat jarraitzea, baina izapideak erraztea ere beharrezkoa da oztoporik egon ez dadin". Era berean, baremo ekonomikoak ere berregokitu dituzte iazko esperientzian oinarrituta. Diru laguntza horien inguruko informazio osoa Zarauzko Udalaren webgunean nahiz HAZen aurki daiteke. Eskaerak egiteko epea urriaren 20an amaituko da. Vazquezek nabarmendu du ikastetxeetan banatuko dute diru laguntza horien inguruko informazioa, eta baita etxez etxe ere, postaz.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide