Ane Arruti: "Botoa eman eta jendeak negarrez irteten du hauteslekutik, txaloka eta elkar besarkatuz"

Zarauzko hitza 2017ko urriaren 1a

Bartzelonan Institut Miquel Tarradelleko hauteslekuaren ataria. Argazkia: Ane Arruti.

Hainbat zarauztar joan da Katalunian gaur egiten ari diren erreferenduma bertatik bertara bizitzera, horietako bat da Ane Arruti. Emozio askorekin ari dira bizitzen gaurko eguna, hala azaldu du telefonoz: "Askotariko emozioak bizi ditugu hemen, inbidia sentitzen dugu batetik, eta, bestetik, tentsio handia bizi dugu".

 

Atzo joan ziren Ane Arruti eta hainbat lagun Kataluniara. Sabadellera joan ziren atzo, lagunek han zutelako gela bat hartuta. "Hango eskola txiki batean kontzertu bat egin zuten atzo, festa giroan. Afaldu eta bertakoei zer asmo zuten galdetu genien. Jendeak laguntzeko desiatzen zeuden, eta gaur goizeko bostetarako eskolara azaltzeko eskatu ziguten, hauetesleku bat jarriko zutelako bertan. Gaur lagunak goizeko bostetarako bertara joan dira. Ni, ordea, zortziretarako azaldu naiz, ume txikiarekin nagoelako hemen. Mahaia osatu arte bertan egon gara, eta ez dugu ezer arrarorik antzeman, ez dugu inolako istilurik ikusi", azaldu du Arrutik. Sabadelletik txaloka agurtu dituztela azaldu du Arrutik, "eskerrak eman dizkigute bertara etortzeagatik eta txaloka agurtu gaituzte, gu lotsatu eta dena egin gara".

Gero, Sabadelletik Bartzelonara joan dira autoz, "bidean Sabadellen tentsio uneak izan direla jakin dugu, baina guk ez dugu horrelakorik bizi han".

Eguerdirako Bartzelonan zen zarauztarra, Institut Miquel Tarradellen. Bertan botoa emateko ilara luzeak zeudela ikusi dute, eta bertan gelditu dira. "Inguruko hautesmahaiak itxi dituztela eta jendeak bertara jo du botoa ematera. Ilara luzea dago hemen, jendetza", azaldu dio Zarauzko HITZAri eguerdiko 14:30 inguruan Bartzelonatik. "Tentsioa antzematen da poliziaren autoren bat agertzen den orduko, Mossoak momentuz begira daude". Erreferenduma nola antolatu duten ikusita "inbidia" sentitzen duela ere aitortu du Arrutik. "Jendea botoa eman ondoren negarrez ateratzen da kalera, txaloka eta elkar besarkatuz".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide