«Gobernuaren jardunak gehiago izan du itzaletik argitik baino»

Zarauzko Hitza 2017ko irailaren 27a

Sexu erasoak gaitzesteko elkarretaratzea (Aritz Mutiozabal).

Udako gertakarien inguruko balantzea egin du EH Bilduk .«Inprobisazioz» jokatu duela egotzi dio Udal Gobernuari, eta horrek «hanka sartzeak» eragin dituela.

EH Bilduk udako balorazioa egin du, eta bere iritziz, «Udal Gobernuaren jardunak gehiago izan du itzaletik argitik baino». «Inprobisazioz» jokatu duela eta unean uneko erantzunak ematen aritu dela nabarmendu du koalizioak, «eta ondorioz, hanka sartzeak eta deskoordinazioak nagusitu dira». Herriko hainbat talderekin «konfrontazioak» bizi izan dituztela, eta baretzen saiatu beharrean, «suari egurra bo­ta» diola gaineratu du. Horrez gain, «guztiz onartezinak diren jauntxokeri jarrerak ere izan ditu Xabier Txurruka alkateak».

Balorazioa egiterakoan, uda sasoiko hainbat gertakari ekarri dituzte gogora. Ekaineko sexu erasoen harira, protokolo bat adosteko bi bilera egin dituzte alderdi guztiek, baina EH Bilduk azpimarratu dio Gobernuari herriko mugimendu feministarekin landu eta adostu beharreko kontua dela. Koalizioak argi utzi du ez duela sinatuko eragile feministekin landu ez den protokolorik. Hala, elkarlanerako deia luzatu du.

Azken Portuko jaien inguruan ez du egokia ikusten EAJak eta bereziki alkateak izandako jarrera; izan ere, «egoera konpontzen saiatu beharrean giroa gaiztotzea eragin dute». Ezinbestekotzat jotzen du herritarrek antolatutako jaiak eta ekimenak babestea eta bultzada ematea. «Jai eta ekimen berriak sortzea ondo egon liteke, betiere herritarrek antolatutakoak lehenetsi eta sustatuko badira eta ez alderantziz», uste du koalizioak. Ondorioz, beharrezko jotzen du Gobernuaren eta herriko eragileen artean hausnarketa prozesu bat abiatzea, «elkarlanean jai eta turismo ereduak adosteko eta zer nolako Zarautz nahi dugun zehazteko».  Uste du egoera ez litzatekeela luzatzen utzi behar.

Gloria Vazquez zinegotziak sare sozialetan egindako adierazpenen aurrean, kezkagarria iruditzen zaio EAJk hartutako jarrera isila.  «Exijitu genion neurriak har ditzatela horrelako egoerarik berriro errepika ez dadin. Baina isilik jarraitzen dute».


«Planifikaziorik gabe»

Udan aparkaleku «inprobisatuak» jarri ditu EAJk erdigunean, «horrek sor ditzaken trafiko arazoak aurreikusi gabe, aurrera begirako planifikaziorik gabe eta behin-behineko erantzunak emanez». Gobernuaren ereduak «autoak herri barruraino sartzea lehenesten» du, «gero nola aterako diren pentsatu gabe». Herriaren kanpokaldeko doako aparkalekuak bultzatu beharrean, «guztiak erdigunera bideratu dituzte, guztiei TAO ordainaraziz». Bestalde, udako TAO zerbitzua irailaren 30era arte mantentzeak ez duela zentzurik uste du, «dagoeneko udazkeneko martxan sartuta gaudelako».


Kale Nagusiko Maza lokala erostea «inprobisazioaren beste adibide bat» dela dio EH Bilduk. «Milioi bat euro inguru gastatuko dute lokala erosi eta atontzen. Inongo planifikaziorik gabe». Koalizioaren iritziz, «herrian badaude lehentasunezko beste mila kontu».  Modelo aretoa egokitzeko lanei dagokienez, EAJk «eragileei entzungor» egin diela azaldu du. «Haien beharrei erantzuteko hainbat eskaera egin dituzte, baina alkateak kasurik egin gabe hartu ditu erabakiak».

Bestalde, kaleko eskaintzan euskara «oso gutxi entzun» dela ere azpimarratu dute, eta egoera txarrean zeuden zuhaitzen mozketa  «neurri egokia» bada ere, «oso berandu» datorrela.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide