«Jotzeko aukerarik ez badago, hangoa biziko dugu»

Aritz Mutiozabal 2017ko irailaren 26a

Agosti Aranburu eta Iker Barrena (Xaho)

Agosti Aranburu eta Iker Barrena bikote zarauztarrak triki-poteoa egingo du Kataluniako erreferendumaren bezperan, larunbatean, Bartzelonan. Asteburuan, gainera, 20 urte beteko dituzte elkarrekin musika jotzen hasi zirela.

Zuek urtero joaten zarete Bartzelonara, hango Euskal etxeak gonbidatuta, triki poteoa egitera. Nola sortu zen kontua?
Iker Barrena: Duela hamalau urte hasi ginen honekin. Gure kuadrillako Aitor Arruti Euskal Etxeko koordinatzailea zen garai hartan, eta sanferminen harira hara joateko esan zigun. Txupinazoaren ondoren, triki-poteoari ekin genion, eta gustatu egin zitzaienez, ia urtero deitzen digute.
Agosti Aranburu: Lagunarteko kontu bat bezala hasi zen. Urtero Euskal Herria Sona jaialdia antolatzen dute, hainbat ekitaldirekin, eta hasieran bertara joaten hasi ginen. Urteak pasatzen joan dira, eta guretzako pixka  bat handia geratzen zenez, azken urteetan Sagardo Egunera joaten gara, otsaila-martxoa inguruan. Azkenean, antzeko formatua izan ohi du, baina jende gutxiagorekin.


Aurten, ordea, Kataluniako Erreferendumaren bezperan ariko zarete.
A.A.: Erreferendumarekin hasi zirenean, Euskal Etxetik deitu ziguten ekainean galdeketaren bezperan egingo zuten festan jotzeko, eta bertara joatea erabaki genuen. Beraz, aurten birritan izango gara; aurrez otsaila-martxoa aldean izan baikinen.
I.B.: Aurten Euskal Herria Sonaren 20. urteurrena izango da, eta asteburuan jaialdiaren aurkezpenarekin batera, gurekin triki-poteoa egitea pentsatu zuten. Gainera, guk ere asteburu horretan 20 urte betetzen ditugu elkarrekin jotzen, eta, beraz, polita iruditu zitzaigun guztia uztartzea, erreferenduma, Euskal Herria Sonaren 20 urte eta gu bion urteurrena, alegia. Guretzako festa bat izango da.
A.A.: Guretzako Bartzelona oso toki berezia da. Ia urtero joan gara; batean edo bestean kale egin dugu, baina beste batzuetan bi alditan izan gara. Aitor Arrutiren bitartez hasi ginen hara joaten,  asteburu pasa baten ondorioz, eta urteen poderioz lagunarte berezi bat sortu dugu haiekin.
I.B.: Harreman handia dugu, eta gu hara joaten garen bezala, haiek ere etortzen dira gurera. Aurten, esaterako, Bartzelonako Euskal Etxekoak sagardotegi batera etorri dira, eta hemen ere ospatu dugu gure lagunartea. Izan ere, hango ekitaldietako antolakuntzan ere parte hartu izan dugu batzuetan eta Korrika ere egin dugu han, besteak beste.

Kataluniako egoera nahiko gorabeheratsua izaten ari da egunotan. Asteburura begira zer espero duzue?
A.A.: Barrena eta biok elkarrekin hitz egiten aritu gara horri buruz,  eta iruditzen zaigu aurten ez dugula joko.
I.B.: Euskal Etxekoekin bazkaria egingo dugu, baina hortik aurrera... Beraiek iragartzen hasi dira Twitter bidez triki-poteoa izango dela, baita Itziarren Semeak taldearen kontzertua ere. Baina zabaltzen ari den irudiekin, eta erreferendumaren bezpera izanda, kaleak jendez gainezka eta tentsio handia izango da. Ez dakigu zer topatuko dugun, baina gu trasto guztiekin joango gara, eta aukera baldin badugu jo egingo dugu. Eta jotzeko aukerarik ez badago, hangoa biziko dugu. Egia esan, asteburu historikoa izango da, eta gu bertan izango gara, baita gurekin datozen lagun pila bat ere, hango berri bertatik bertara jasotzen.  

Lagun mordoxka bat zoazte aurten, beraz.
A.A.: Lagunak gehitzea urtetik urtera handitzen joan da. Ez da erreferendumagatik bakarrik. Baina, jakina, erreferendumaren harira jende gehiago animatu da. Euskal Herria Sonarekin eta Sagardo Egunarekin, guretzako asteburu pasa bat izaten da Bartzelonan, eta urtero bat edo beste etorri izan da gurekin. Aurten, erreferendumarekin, gure ingurutik hamahiru bat izango gara abiatuko garenak.

Asteburu historikoa izango dela aipatu duzue. Katalunian ikusten al dute euskal herritarren babesa?
A.A.: Baietz esango nuke, babesa sentitzen dutela. Ez dakidana da ofizialki edo publikoki, Iñigo Urkullu lehendakariaren adierazpenak entzunda, nola jaso duten. Baina herri bezala babes hori jaso dutela iruditzen zait. Asteburu honetan, gainera, euskaldun dezente bilduko garela uste dut.
I.B.: Nik ere gauza bera pentsatzen dut. Herriaren babesa ziur  antzematen dutela. Sare sozialak pixka bat jarraituz gero, hori guztia ikusten da. Gero, jada, ofizialki zer sostengu egiten zaion edo zer laguntza ematen zaion, bada, hori beste gauza bat izango litzateke. Hor nire zalantzak ditut. Izan ere, azken finean, bakoitza bere interesak defendatzen ari da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide