Kostan elkarteak programa berezia eskaintzen die 55 urtetik gorako herritarrei, ikasten jarraitzeko gogoa asetzeko. 2017-2018 ikasturterako eskaintza zabala prestatuta du askotariko gaiekin: besteak beste, iraultza frantziarra, operaren historia, Europaren eta Brexiten etorkizuna, Euskadiren estatus berria, toponimia, euskal kortsarioak, emakumea eta literatura, baita kriminologiako hainbat arlo ere. Urola Kosta Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Zarautz) emango dituzte saioak, urrian hasita eta maiatza bitartean, asteartetan eta ostegunetan, 10:00etatik 12:00etara.
Antzeko kezkak eta interesak dituztenekin elkartzeko aukera izateaz gain, "geure burua aberasteko" eta "elkar hobeto ezagutzeko" baliagarria dela nabarmendu dute Kostan elkartetik. Inoiz ez da beranduegi ikasteko lelopean, saioetan parte hartzera eta bazkide izatera animatu nahi dituzte herritarrak; dagoeneko ehundik gora bazkide badira. Gainera, txangoak, bisita kulturalak edota hitzaldi solteak ere antolatzen dituzte noizean behin.
Edozein argibidetarako, interesa dutenek 688-81 13 81 telefono zenbakira dei dezakete edo bazkidekostanelkartea@gmail.com posta elektronikora idatzita.