Merkatutik zuretzat! ekimenaren seigarren ekitaldia ospatuko da larunbatean, 11.00etan, baina oraingoan Merkatu Plazako lehen solairuan izan ordez, Lege Zaharren enparantzan izango da. Basque Label Fest jaialdiarekin bat egingo du egitasmoak, eta Txerriboda izeneko karpan egingo dute erakustaldia.
Aiala Ostalaritza Eskolako Lierni Gutierrezek eta Eneko Arandiak plater tradizional bat eta pintxo bat prestatuko dituzte. Hilabete honetan erabiliko dituzte hiru produktuetako bi Eusko Labelekoak izango dira: Lumagorri oilaskoa eta Euskaber arrautzak. Aldiz, kuiatxo edo kalabazinak Zarauzko baserrikoak izango dira.
Plater tradizionala Kuiatxo barrubete eta gratinatua Euskaber arrautza kremarekin izango da. Pintxoa, berriz, Arto takoa barazkiekin eta Lumagorri xafla glaseatuekin prestatutakoa izango da. Oraingo honetan, 400 pintxo dastatzeko aukera izango da.
Era berean, pintxo desberdinak dastatzeko aukera izango da jaialdian bertan, 2 euroan, 14:30ak bitartean. Guztira, Basque Label Festan, Merkatutik Zuretzat! ekimeneko Aiala Ostalaritza Eskolaz gain, sei jatetxe gehiagok hartuko dute parte: Euromar kafetegia, Euskalduna taberna, Iruña taberna, Karlos Arguiñano, Kirkilla Enea Jatetxea eta Txiki Polit Taberna. Egitasmoan bildutako dirua errefuxiatuen eskubideen alde lanean dabilen Hotz Zarautz elkarteari bideratuko diete.
Bestalde, ekitaldia ospatzen den bitartean, haurrekin bertaratuko diren gurasoek haur-txokoan umeekin gozatzeko aukera izango dute.