Hondakinen gaikako bilketa egiteko edukiontziak jarri dituzte ikastetxeetan

Zarauzko Hitza 2017ko irailaren 20a

Orokietako patioan hondakinen gaikako bilketa egiteko edukiontziak (Zarauzko Udala).

Uda hasieran toldo itxurako edukiontzi berriak jarri zituzten malekoian, aurrekotik zeudenak ordezkatuz. Kendutako horiei erabilera berri bat eman diete eta herriko ikastetxeetan jarri dituzte: La Sallen, Orokietako bi eraikinetan, Lizardiko bi zentrotan, Ikastolan eta Antonianon.

"Hondakinen gaikako bilketa ez zen egiten orain arte ikastetxeetako patioetan", adierazi du Zerbitzuetako zinegotzi Iban San Martinek: "Hezkuntzan lan handia egiten dute haur eta gaztetxoen artean ere gai honekiko sentsibilizazioa eta hezkuntza bultzatzeko, eta, zentzu horretan, ezinbestekoa iruditzen zaigu patioan daudenean, aisialdian ere birziklapenaren aldeko apustua egiteko beharrezko baliabideak jartzea". Udaletik herritarrak gai honen inguruan "kontzientzia hartzeko" lanean jarraituko duela gaineratu du zinegotziak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide