Euskal Astea amaierara heltzen ari da —gaur Musika plazatik hasita kantujira, 19:00etan, eta salbea Frantziskotarren elizan, 20:00etan, izango dira— . Hori biribiltzeko, egun handia ospatuko dute bihar: Euskal Jai Eguna. Askotariko ekitaldiak izango dira egun osoan, hainbat gunetan banatuta. Aurten, gainera, zenbait berrikuntza ere izango da. Batetik, disko festa antolatu dute Zinema pilotalekuan gaztelekuko disko jartzaileen eskutik. «Inauterietan, Kuadrilla Egunean eta Karramarro Fest-en jardun dute musika jartzen eta, beti festa girotzeko prest daudenez, euskal musika izango da nagusi», adierazi du Xabier Txurruka alkateak.
Bestetik, Gaztetxean ere izango da gozamenerako tartea; hamaiketakoa, kontzertuak eta festa antolatu dituzte, besteak beste. Era berean, Gurekin Jai batzordearen azken topa egingo dute txosnagunean. Egungo taldeak jarduna etengo du, eta beren lekukoa gazteek har dezaten nahi dute. Hala, Azken topa azken brindixa izan ez dadin lelopean antolatu dituzte aurtengo ekitaldiak.
Gainontzean, ohi bezala, erromeriak izango dira; Goiztiarren eskutik pilota partidak, herri kirolak eta bertsoak; Alproja taldearen antzezlana; Iñurritzara erromesaldia eta kontzertuak, besteak beste. «Aukerak ez dira faltako festa girorako. Festa alaiak, baketsuak eta eraso sexistarik gabekoak goza ditzagula guztiok», esan du alkateak.
Prebentzioa eta garbiketa
Horri lotuta, Prebentzio sailak Botiltzarra kanpaina bultzatuko du egun horretan. Helburua da jai giroan alkoholaren gehiegizko kontsumoa murriztea, bestelako aisialdi aukerak bultzatzea eta indarkeria sexista prebenitzea. Horretarako, Ai Laketeko sei kidek gazteei alkoholaren gehiegizko erabileraren inguruko informazioa eta indarkeria sexistaren kontrako materiala banatuko dizkiete. Era berean, eraso sexistak prebenitzeko informazioa banatuko dute Harremanak-eko sexologoek. Hala, karpa bat jarriko dute Belauntzaran plazan, 10:00etatik 14:00etara. Halaber, Lurraldebus enpresak autobusen gaueko zerbitzu bereziak jarriko ditu Zumaia eta Donostia zein Azkoitia eta Zarautz artean.
Garbiketa zerbitzua ere indartuko du udalak. Aurten, irailaren 9a larunbata egokitu da eta Zarautzera jende ugari etorriko dela aurreikusi du erakundeak. Hori dela eta, udalaren, Urola Kostako Udal Elkartearen eta Foru Aldundiaren garbiketarako baliabide guztiak aprobetxatuko dituzte. Hainbat neurri hartuko dute horretarako: batetik, langile kopuru bikoitza ariko da lanean, iazko kopuru bera: 24 lagun. Bestetik, ohi baino makina gehiago baliatuko dituzte; kale-garbigailu makina eta zisterna-kamioi bana gehiago, hain zuzen ere.
Iaz, estreinakoz, pixaren aurkako likidoa bota zuten kaleko hormetan eta izan zuen «eraginkortasuna» ikusita, aurten ere gauza bera egingo dute. Likido hori paretean aplikatuz gero, pixak hormaren gainazalean errebotatu eta pixa egiten ari dena bustitzen da. Munoa azpialdean, malekoiko atari eta sarbideetan eta Alde Zaharrean botako dute.
Bestalde, Munoan 22:30ean erromeria izango denez, 20:00etan garbituko dute plaza hori. Halaber, komun publiko bereziak jarriko dituzte Duke Enean, Munoa ondoan, Lege Zaharren enparantzan eta Iñurritzan. «Errespetuz eta gizabidez» jokatzeko eskatu du Iban San Martin zinegotziak.