Euskal Astea 2017

Giro aparta Euskaraz Bizi Eguneko herri lasterketan

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 2a, 13:06

Kale Nagusitik abaitu da Euskaraz Bizi Eguneko lasterketa (Aritz Mutiozabal).

190 lagun aritu dira lasterka, eta Garbiñe Zapirain eta Juanjo Berazierto izan dira txapeldunak.

EHEk eta AEK-k antolatuta, X. Euskaraz Bizi Eguna ospatzen ari dira gaur, Hamaika egitera goaz lelopean. Herri bazkaria izango da eguneko ekitaldi nagusia, baina aurretik herri lasterketa jokatuko dute Musika plazatik abiatu eta toki berean bukatuta. Guztira, 190 lagunek hartu dute proban, horietatik 39 haurrak, eta herriari itzulia eman ondoren, Juanjo Berazierto eta Garbiñe Zapirain izan dira helmuga zeharkatzen bizkorrenak.

Urtero bezala, lagun eta jai giro atsegina izan da nagusi, eta parte hartzailek gogotik gozatu dute korrikaldian; amaieran indarberritzeko jakiak eta edariak ere izan dituzte. Lehen hiru sailkatuei, bai emakumezkoei bai gizonezkoei, oroigarriak eman dizkiete, eta haurren artean bi joko zozkatu dituzte.

Bestalde, berrikuntza gisa, aurten Zarauzko irristaketa taldeko kideak izan dira lasteketa ixten joan direnak.

Sailkapena
Gizonezkoak
1. Juanjo Berazierto
2. Beñat Eizagirre
3. Iñigo Eizagirre

Emakumezkoak
1. Garbiñe Zapirain
2. Karmele Lizaso
3. Ana Galarraga

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide