Liburu azokaren balorazio positiboa egin dute, nahiz eta eguraldiak ez lagundu

Zarauzko Hitza 2017ko irailaren 1a

Eleberria izan da gehien eskatu dutena, eta gaztetxoen literaturak ere harrera ona izan du.

Zarauzko XXXIV. Liburu Azoka antolatu zuten Euskadiko Liburu Ganbarak eta udaleko Kultura Departamentuak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzarekin, abuztuaren 24tik 27a bitartean, Munoa plazan. Antolatzaileek positibotzat jo dute egitasmoa, "izan dugun eguraldia kontuan hartuta, batez ere eragin handia duelako azokaren emaitzan, eta aurten ez du askorik lagundu".

Zarauzko Garoa liburu dendaren urteroko parte hartzea azpimarratu dute, "aparteko duintasunez janzten dituelako mahaiak, eta benetako aukera paregabea eskaintzen duelako". Eleberria izan da erosleek gehien eskatu duten literatur generoa, eta haurrei nahiz gazteei zuzendutako liburuek ere harrera ona izan dutela nabarmendu dute. Euskal diskogintzan, berriz, klasikoak gehiago eskatu dira.

Datorren urtean azokaren XXXV. aldia izango da, eta antolatzaileek aparteko zerbait antolatzeko gogoa dutela aurreratu dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide