Espero al zenuen Lizardi Sariko finalerako txartela lortzea?
Egia esan ez nuen espero. Duela bi urte hartu nuen lehen aldiz parte Lizardi Sarian, eta azken bigarren izan nintzen. Hala, uda honetan asko entrenatu dugu, astean pare bat aldiz, Markel Eizagirre eta biok batez ere; bera ostiraleko kanporaketan aritu zen. Itxaropena bageneukan biotako bat sailkatzekoa. Niri tokatu zait, eta oso gustura nago.
Saioan bertan jakin al zenuen berria?
Bai. Laugarren geratu nintzen hirugarrenarekin berdinduta, eta ostiraleko bi eta larunbateko lau sailkatu ginen finalerako. Nire saioan Nahia Saskok irabazi zuen, bigarren geratu zen Gemma Urteaga eta hirugarren Maider Arregi; eta ni laugarren, Arregiren puntuazio berdinarekin.
Burua bueltaka dabilkizu aste honetan ala lasai antzera zoaz finalera, gozatzeko asmoz?
Biak. Kontuari bueltak ematen ari naiz; batez ere, orain arte plazan egin ez dudan ariketa bat izango dugulako finalean, sei puntuko motza. Bestalde, kartzelako gaian hiru bertso kantatu beharko ditugu, eta nik orain arte bi baino ez ditut abestu plazan. Zentzu horretan, aste honetan geratzen ari gara egur pixka bat emateko, eta ahalik eta freskoen iristeko. Badakit ez naizela faboritoa inondik inora, eta nire helburua saioaz gozatzea da plaza polit horretan. Hortik aurrera ezustea eman badezaket, bada askoz hobe.
Plaza polit hori herrikoa izango da, gainera.
Herrian izatea ilusio berezia egiten dizu. Kanporaketara jada hamar bat lagun gerturatu ziren, eta pila bat animatu ninduten. Finalean ere izango dira, eta babes erantsi horrekin oraindik eta bereziagoa izango da.
Zure lehen finala izango al da?
Hala da, bai. Ziur aski, orain arte abestu dudan plazarik garrantzitsuena izango da. Ni nahiko berandu hasi nintzen bertsotan, 19 urterekin-edo, eta duela bi urte hartu nuen lehen aldiz parte Lizardi Sarian, baina finaletik oso urruti geratu nintzen. Aurten izango dut aukera hori lehen eta azken aldiz; 25 urtera arte baita txapelketan parte hartzeko muga, eta nik aurten betetzen ditut. Zarautzen talde bat elkartzen hasi gara urtean zehar bat-baterako, eta horren fruitua da zalantzarik gabe finalera sailkatzea.