Aritz Aranburu ez da sailkatu Pro Anglet txapelketako finalerako

Zarauzko Hitza 2017ko abuztuaren 25a

Aritz Aranburu, lehian (WSL)

Tarte txikiarekin irabazi dio finalaurrekoa Ramzi Boukhiamek.

Angelun da surflari zarauztarra, Pro Anglet txapelketan parte hartzen. Gaur goizean jokatu du  finalaurrekoa, Ramzi Boukhiam marokoarraren kontra. Oso estua izan da txanda; izan ere, aurretik joan da Aranburu hasieran baina gerora Boukhiamek 7,67 puntuko olatua hartu–Aranburuk puntu bereko olatua zuen hartuta aurrez– eta aurrea hartu dio zarauztarrari.

Une horretan, 0,57 puntuko tartea soilik atera dio marokoarrak, baina ondoren, 6,50eko olatua hartu eta aldea apur bat areagotu du. 14,17 punturekin irabazi du finalaurrekoa Boukhiamek, eta ondorioz, finalerako sailkatu da. Zarauztarrak 13,34 (7,67 + 5,67) punturekin amaitu du txanda.

Aranburuz gain, Hodei Collazo herrikidea ere lehiatu da proban. Hain zuzen ere, biek aurrez aurre neurtu behar zituzten indarrak atzo, final laurdenetan. Lehenbizikoa nagusitu zen 13,23 punturekin; Collazok 12,14 puntu eskuratuta, ez zen finalaurrekoetarako sailkatu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide