150 taldek baino gehiagok eman dute izena Saski Basque 3x3 txapelketarako

Zarauzko Hitza 2017ko abuztuaren 23a

Ostegunetik igandera Dama inguruan izango da Saski Basque 3x3 txapelketa

Bihartik igandera bitartean jokatuko da eta oraindik ere badago lekua hainbat mailatan.

Aurten ere ZASTek, Euskadiko eta Gipuzkoako Saskibaloi Federazioekin batera, Saski Basque 3x3 txapelketa antolatu du bihartik hasi eta igandera bitarterako. Oraingoz 150 taldek baino gehiagok eman dute izena, eta antolatzaileek gogoratu dute hainbat plaza libre daudela oraindik ere.

Antolatzaileek adierazi dute koadrilen arteko txapelketak, "beste behin, sekulako harrera" izan duela eta dagoeneko ez dagoela tokirik maila horretan jokatzeko. Beste mailetan parte hartzeko interesa dutenek
ZASTen atarian egin beharko dute.

Malekoian, Orixe eta Lizardi kaleen arteko eremuan, saskibaloia izango da protagonista egunotan, beraz. Lehenbiziko egunean, hilaren 24ean, infantilak lehiatuko dira, neskak zein mutilak, goizez. Arratsaldean, berriz, junior zein kadete mailako neska-mutilen txanda izango da. Hurrengo egunean, hilaren 25ean, juniorren eta kadeteen arteko partidak izango dira arratsaldean, neska zein mutilenak.

Abuztuaren 26ko goizean, alebin zein benjamin mutilek hartuko dute parte, eta arratsaldean, aldiz, senior mailakoak, emakumezkoak zein gizonezkoak. Azken egunean, hilaren 27an, alebin eta benjamin mailako nesken partidak izango dira goizean eta, txapelketari amaiera emateko, koadrila mistoak lehiatuko dira, arratsaldez.

Bertaratzen direnek edatekoa ere eskuratu ahalko dute ZASTek atonduko duen tabernan eta baita izozkiak ere, Xibartaren eskutik.


Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide