Urtero legez, Talaiberri txakolindegian egin dute asteburuko estropaden aurkezpena. Hain zuzen ere, hiru estropada izango dira larunbatean eta igandean beste bi. Hasteko, KAE 1 Ligako VIII.Zarautz Arraun Elkatea Ikurriña jokatuko dute larunbat eguerdian, eta arratsaldean, 18:00etatik aurrera, Euskotren Ligako Zarauzko IX. Ikurriñako nahiz Eusko Label Ligako Zarauzko XL. Estropadako lehenbiziko jardunaldiak.
Igandean, berriz, bi liga horietako bigarren jardunaldiak izango dira, eguerditik aurrera. Bi jardunaldiak puntuagarriak izango dira bi ligetako sailkapen orokorrerako. Emakumezkoen kasuan, Euskotren Ligako azken bi jardunaldiak izango dira Zarauzkoak, eta beraz, igandean bertan emango da ligako bandera. Gizonezkoen kasuan, Eusko Label ligako 13. eta 14. jardunaldiak jokatuko dituzte asteburuan.
Xabier Txurruka alkateak gogoratu du Zarauzko Ikurriñako asteburua "arraunlarientzat zein arraun zaleentzat egutegian gorriz markatutako data" izan ohi dela eta, horrenbestez, Zarauzko Udalak "beti ahalegina" egiten duela estropadok aurrera ateratzeko. TKEk eta Zarauzko Turismo Bulegoak antolatu ohi ditu, ZAEren laguntzarekin zein Zarauzko Udalaren babesarekin, Zarauzko Aste Nagusiaren barruan.
Xabier Zubiri TKEko ordezkariak Txurrukaren esanak berretsi ditu: "Urteko estropada berezienetariko bat da Zarauzkoa, besteak beste, bi jardunaldietako bandera delako, Euskotren Liga bertan bukatzen delako, Eusko Labeleko erdira iritsi garelako eta, noski, arraunlarien maila izugarria delako".
Zentzu horretan, Eusko Labeleko sailkapen orokorra ikusita, jardunaldiak "lehiatuak" izango direla nabarmendu du. Era berean, adierazi du udalak "apustua" egin duela emakumezko arraunlariek Zarautzen "euren lekua" izan dezaten, eta "zoriontzekoa" dela ematen ari diren maila. Halaber, herritarrei dei egin die KAE 1 Ligako estropadan, larunbat eguerdian, Alle Punta ingurura agertzeko, Enbata animatzera.
Gaizka Garmendia ZAEko ordezkariak bost jardunaldiotan hiru ikurriña jokoan izango direla gogoratu du: "Eusko Label Ligan gauzak oso estu daude eta ziurrenik ikusgarria izango da. Beste ligetan ere egin ahalak egingo ditugu hala izateko".
Horri lotuta, urtero moduan, Txurrukak oroigarria eman dio Zarauzko estropadara bitartean Eusko Label ligan lehenbiziko postuan dagoenari. Hala, Joseba Fernandez Urdaibaiko kideak jaso du Rosario Floresen eskultura.
Gune ludikoa, Musika plazan
Aurten, aldaketa bat izango da: Musika plazan jarriko dute estropaden gune ludikoa. Zarauzko alkateak adierazi du aurten "apustu garrantzitsua" egitea erabaki dutela, eta herriguneko plaza horretan atonduko dutela azpiegitura, proba moduan: "Garai batean Musika plaza gune garrantzitsua zen apustuetarako-eta. Espazio aldetik, lekua murritza da, baina horrek ere lagunduko du giroa sortzen".