Hiru atxilotu Zarautzen, furgoneta batetik materiala lapurtzeagatik

Zarauzko Hitza 2017ko abuztuaren 8a

Zarauzko bidesarian atxilotu zituzten hiru lagunak.

Ertzaintzak 3.500 eurotik gorako balioa zuen materiala topatu zuen ibilgailuan, eta hiru lagunak atxilotu zituen, lapurreta egin izana egotzita.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, atzo eguerdian abiadura handian zihoan furgoneta bat atzeman zuten AP-8 autobidean, Oiartzun parean, Zarauzko norabidean. Herriko bidesarian geldiarazi zuten ibilgailua eta, identifikazio lanak egin ostean, ondorioztatu zuten barruan zihoazen hiru lagunek aurrekariak zituztela eta furgoneta hori baliatu zutela hainbat lapurreta egiteko.

Era berean, 3.500 eurotik gorako balioa zuen materiala topatu zuten ibilgailuan, zehazki, haize-makina bat eta sasiak garbitzeko beste hiru gailu. Material hori beste furgoneta batean egindako lapurretarekin bat zetorrela jakin zuten, eta ondorioz, hiru lagunak atxilotu zituzten.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide