Agenda 21 sailak, Aranzadi elkarteak eta Turismo Bulegoak nabarmendu dute Iñurritzako dunetako hegaztiak eta landareria ezagutzeko ostiralero antolatutako bisita gidatuak "arrakastatsuak" izan direla. Uztailean hasi zen zientzia elkartea bisita horiek eskaintzen, Agenda 21 sailak antolatuta eta Turismo Bulegoak lagunduta. Agenda 21 saileko arduradun Gloria Vazquezek ekimenaren balorazio "oso positiboa" egin du. Jakinarazi du ia ostiralero plaza guztiak bete direla, eta "askok" errepikatu egin dutela, gainera. Hori dela eta, abuztuan ere egingo dituzte bisitak, eta iraileko lehenbiziko hamabostaldira arte luzatzea baloratuko dutela ohartarazi du.
"Aranzadiko adituek eskaintzen dituzte bisitak eta, horrez gain, landareriaren liburuxka bat osatu dute, parte hartzaileen esku jartzeko", dio. Gogoratu du bisita horiek Eraztun Berde Urdinaren proiektuarekin lotura dutela: "Gure helburua da gure aberastasun naturala ezagutaraztea, naturarekiko errespetua sustatu eta hura are gehiago zaindu dezagun".
Aurreratu du biotopoko hegaztiak ikusteko hainbat bisita antolatu nahi dituztela, eta zentzu horretan Arkamurka natur elkartearekin elkarlanean ari direla gida bat osatzeko zein hegaztiok behatzeko zentro bat eraikitzeko.