Eulenek eta Manzana Postobon taldeak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Zarauzko Hitza 2017ko uztailaren 31

Manzana Postobon taldeko Oscar de Jesus Vargas eta Eulen taldeko Ismael Etxarri.

Lankidetza hitzarmen horri esker, 23 urtez azpiko kolonbiarrek Eulenekoekin batera korrituko dute, Kolonbiako taldeko harrobia indartzen laguntzeko.

Kolonbiako Manzana Postobon txirrindularitza taldeak "denbora" zeraman harrobia indartzen lagunduko zion Europako talde baten bila. "Gipuzkoa etorri zitzaigun burura, denok baitakigu bertako taldeek eskarmentu handia dutela harrobia lantzen", aitortu du Luisa Fernanda Rios Postobon taldeko ordezkariak. Hala, Jira-Bira taldeko ordezkariekin harremanetan jarri ziren, eta "segituan" heldu ziren adostasunera, biek ala biek "helburu bera" dutelako: gazteekin lan "serioa eta profesionala" egitea.

Lankidetza hitzarmen horri esker, 23 urtez azpiko kolonbiarrek Eulenekoekin batera korrituko dute. Hain zuzen ere, Espainiako Itzulian berretsiko dute akordioa. Euleneko ordezkari Ismael Etxarrik aitortu du "sorpresaz" jaso dutela proposamena, eta "ohore bat" dela Espainiako Itzulian lehiatu ohi den talde bat Euleneko harrobiari erreparatu izana. "Ez da ahaztu behar talde horrek nazioarte mailako talentuak deskubritu dituela, Nairo Quintana eta Esteban Chaves, kasu. Elkarlan honi esker argi dago guztiok irabaziko dugula".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide