Euskaraz lan egin daitekeelako

Nerea Uranga 2017ko uztailaren 27a

Urola Kostako hainbat enpresetako langileen ordezkariak Elay enpresara egindako bisitan. (Kontseilua)

Urola Aitzindari proiektuan parte hartzen ari diren enpresetako langileen ordezkariek Elay enpresa bisitatu dute, erabat euskaraz lan egitea posible dela ikusteko.

Urola Kosta eskualdeko lan mundua euskalduntzeko Urola Aitzindari proiektuaren barruan, pauso bat aurrera egin dute bertan parte hartzen ari diren enpresetako langileen ordezkari sindikalek: Antzuolako (Gipuzkoa) Elay enpresa bisitatu dute, bertatik bertara ikusteko euskaraz lan egitea posible dela.

Maiatzean aurkeztu zuten Zarautzen eskualdeko arlo sozio-ekonomikoa euskalduntzeko Urola Aitzindari esperientzia pilotua. Kontseiluak 2013. urtean egin zuen Lan Mundua Euskalduntzeko Konferentzia du oinarri, eta euskalgintzaz gain, lau hanka edo zutabe ditu: enpresak, langileak, bezeroak eta administrazioa. Urola Kostan garapen agentziak, ELA eta LAB sindikatuak eta hainbat enpresa ari dira parte hartzen: Biele, GKN Zumaia, Sammic, OBE Hettich, Hettich Iberia, KSB Itur, Industrias Auxiliares, Panificadora Artadi, Indaux, Astigarraga Kit Line (JJ Producciones) eta Azkoitiko eta Azpeitiko egoitzak.

Hil honen hasieran, enpresa horietako langileen ordezkari batzuk Euskaragileak enpresa batzordeko kide den eta lan munduaren euskalduntzean aitzindari den Antzuolako Elay enpresan izan ziren. Bertan azaldu zieten zer den euskaraz lan egitea eta euskalduntzeko prozesu nola garatu duten. Elayn 1992. urtean abiatu zuten euskara plana eta euskaraz lan egiten dute aspalditik. Elay beste hainbat enpresarekin batera, Kontseiluak gidatutako Euskaragileak enpresa batzordeko kide da.

Udazkenean egingo du hurrengo urratsa Urola Aitzindarik, orduan enpresetako arduradunekin egingo dute lanketa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide