Eguraldi eguzkitsua eta itsasoa baldintza egokietan zutela jokatu dute 47. Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldia. Ia 2.000 lagun uretaratu dira Getariako portutik, sei txandetan banatuta, eta Iñaki Salaberria irundarra eta Itxaso Alonso bilbotarra izan dira Zarauzko hondartzara iristen lehenak. Salaberriak, garaipena erdiesteaz gain, probako errekor berria egin du gizonezkoetan, 31:47ko denborarekin; Gorka Ripak 2006an ezarritako marka (32:05) ondu du. Bigarren postuan sailkatu da Haigor Aranguren donostiarra, eta hirugarren, berriz, Luis Goñi hernaniarra.
Emakumezkoetan errekorra gertu egon den arren, Alonso 35:24ko denboran osatu du proba, eta Irati Mendiaren markatik (35:18) 6 segundora geratu da. Bere atzetik Nerea Murua zarauztarra helmugaratu da bigarren postuan, eta Ana Vega donostiarra hirugarrenean; biak ala biak lehenak izan dira beren mailan: Murua Master2an eta Vega Master1ean.
Muruak, era berean, Zarauzko lehen emakumezkoaren saria jaso du. Gizonezkoetan, Ander Zendoia izan da herriko bizkorrena. Getariako lehenek ere jaso dute saria: Iosu Iribarrek eta Izaskun Alvarezek. Bestalde, Alex Zabala zarauztarra, bere aldetik, Master2 mailako irabazlea izan da. Sari banaketa ekitaldiaren amaieran, zeharkaldiaren antolatzailea den Zarautz Balea igeriketa taldeak 1.500 euroko txekea eman dio Aspanogiri.
Gaztetxoen proba
Infantil mailako neska-mutilak izan dira proba jokatzen lehenak. Hauek 800 metroko zeharkaldia osatu dute, Munoan parean, Zarauzko hondartzan hasi eta bukatuta. Uxue Etxeberria azpeitiarra eta Unai Somovilla lasartearra izan dira txapeldunak, eta zarauztarren artean, Erica Erostarbe izan da bizkorrena, 5. postuan sailkatuta, eta Harkaitz Taboada gizonezkoetan, 10. postuan sailkatuta.