Imajinatutakoaren testura berezia

Aritz Mutiozabal 2017ko uztailaren 14a

Merche Olabe margolari bilbotarra, Zarauzko Sanz Enea kultur etxeko erakusketa aretoan. (Aritz Mutiozabal)

35 tenpera eta bederatzi marrazki jarri ditu erakusgai Merche Olabe artista bilbotarrak, Zarauzko Sanz Eneako aretoan. Uda osoan ikusteko aukera izango da, irailaren 17a bitartean.

"Honakoa nire margolanak erakusgai jarri ditudan aretorik han­diena dela esango nu­ke. Gainera, elkarrekin erakutsi ez ditudan obrak batzeko aukera eman dit, eta oso pozik nago». Bakarkako hogeigarren erakusketa zabaldu berri du Merche Olabe (Bilbao, 1947) margolariak Zarauzko Sanz Enea kultur etxean, Gipuzkoan egiten duen lehena, eta udako kultur eskaintza «zabalaren eta anitzaren» barruan antolatutako proposamena dela nabarmendu du Kultura zinegotzi Nekane Iribarrek: «Ohore bat da erakusketa zoragarri hau eskaini ahal izatea».

Olabek 35 tenpera eta bederatzi marrazki jarri ditu kultur etxeko hormetan. «Oso teknika berezia da tenpera, aintzina asko erabiltzen zena, baina gaur egun oso gutxi dira teknika hau lantzen jarraitzen dutenak, eta horietako bat da Olabe», adierazi zuen Kultura saileko erakusketen arduradun Myriam Gonzalez Txabarrik.

«Distira gutxiagokoa izateaz gain, testura berezi bat eskaintzen du teknika honek. Nik horri heldu nion, batez ere, pintura plastikoaren akabera ez zaidalako gehiegi gustatzen», aditzera eman du Olabek. Era berean, Italiara egindako bidaia batean ikusitako freskoek «asko seduzitu» zutela aitortu du: «Tenperak izan ez arren, fresko horietan ikusi nuen emaitzak erakarri egin ninduten erabat, eta nire koadroetan horrelako zerbait lortze aldera hasi nintzen tenpera erabiltzen». Margo teknika horrek, ordea, ez du oihal-mihiseetarako balio, «egurrean edo euskarri gogor batean erabili behar da, krakelatu ez dadin», gaineratu du margolariak. Beraz, Zarauzko erakusketan ikus daitezken margolanak egur gainean eginda daude.

90eko hamarkadan ekin zion tenpera bidez margotzeari, eta teknika horri heldu zionetik «pertsonaia eta istorio askoko margolanak» ekoitzi ditu, eta horietako zenbait, gainera, konpartimenduetan zatituta, «zeinetan gauza asko pasatzen diren». Tenperarekin lanean hasi zenetik gaiak aldatuz joan da: «Hasieran gehiago ziren barrualdeko espazioak, baina pixkanaka kanpoko paisaiak edo espazio publikoak aregotzen joan naiz».

Eguneroko fantastikoa

Eguneroko bizitza irudikatu ohi du, baina maiz gauza fantastikoekin uztartuz; Txanogorritxu izeneko margolanean, esaterako, otso burua duen gizonezko bat ageri da. «Espazio apurtuak ere ageri dira, etxeak barrualdetik nahiz kanpoaldetik ikusten direla, eta hori ere ez oso errealista», adierazi du artistak. Horren adibide dira, adibidez, Damian eta bere anaiak eta Oso urruti bezalako lanak. «Modu horrek gauza gehiago kontatzeko aukera ematen du».

Olaberen esanetan, «imajinatutako gauzak dira margotzen ditudanak». Bere margolanei aurre egiteko funtzionamenduaz ere argi hitz egin du: «Oro har, koadroa osatzen noan heinean sortzen zaizkit ideiak. Konposizioak gidatzen nau eta esaten dit, nolabait ere, zer egin nahi dudan. Normalan, planteamendu oso orokorretatik abiatzen naiz, gauza zehatzetara iristeko. Collage moduko lana da nirea, nahiz eta azken emaitza irudi bakar bat izaten den».

Erakusketa modu kronologikoan antolatu du: margolan zaharrenak hasieran jarri ditu eta berrienak, berriz, amaieran. Gisa horretan, egile bilbotarrak tenpera erabiliz garatu duen margogintza ezagutzeko parada eskaintzen da, eta bisitariak ordena horretan ikusteko aukera izango du proposamena. Joan den ostiralean zabaldu zuten erakusketa eta irailaren 17ra arte iraungo du; egunero dago zabalik, 18:30etik 20:30­era.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide