Urte hasieran hasiko dira Salberdinen etxebizitzak eraikitzen, Aldapetarekin batera

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 7a, 09:00

Uztailean amaituko dute lehenbiziko faseko eraiste lanekin.

Aste honetan hasi dira Igerain errekaren iparraldeko gunean pabilioi zaharrak eraisten. Uztailean amaituko dute lan horiekin, 2018 hasieran urbanizazio proiektuarekin hasteko.

"Hirigintza plangintza bat aurrera eramateko pauso asko eman behar dira. Horietako pauso batzuk ikusezinak dira, dela planak onartzea, dela hitzarmenak egitea...Baina beste batzuk askoz ere ikusgarriagoak dira, eraiste lanak, kasu", nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak. Hain zuzen ere, aste honetan bertan hasi dira Salberdigo eremu batean pabilioi zaharrak botatzen. Zehazki, lehen fase horretan Sakatu, Bombas Itur, Antuñano, Arrona eta Lopetegi enpresetako eraikinak eraitsiko dituzte.

Aurreikusi du uztailerako amaituko dituztela eraiste eta txukuntze lanak, eta 2018 hasieran hasiko direla eremu horretan etxebizitzak eraikitzen, Aldapetakoekin batera. Gogoratu du Aldapetako 30 etxebizitza tasatuak zozketa egin dutela dagoeneko, eta orain esleipena martxan jarriko dute, datorren urte hasieran erakitze lanei ekiteko.

Salberdinen ere dagoeneko "aurrepausoa nabarmenak" eman dituztela nabarmendu du alkateak: "Birpartzelazio proiektua jendaurrean egon da, alegazio batzuk jaso ditu eta horiei erantzun ondoren onartuko da. Gerora, urbanizazio proiektua onartu beharko da. Sustatzaileek dagoeneko aurkeztu dute, eta proiektu horrek jada badu udalaren aldeko txostena. Ondoren, jendaurrean jarri beharko da". Hori guztia onartuta, hasiko dira eraikitzen Salberdinen, 2018ko hasieran.

Babestutako 575 etxe, 140 agintaldi honetan

Alkateak gogoratu du Salberdingo proiektua "benetan garrantzitsua" dela: "Salberdingo sustapena, Donostiako Txomin Enearekin batera, Gipuzkoa mailan etxebizitza proiektu nagusietako bat da. Guztira, 1.095 etxe eraikiko dituzte eremu honetan". Santa Klara komentua eta Zelai Ondo artean eraikiko dituzten etxe horietatik 575 izango dira babestutakotakoak, eta horrek "egun udalerrian dugun eskaerari erantzungo dio": "Urte luzez egon da Zarautz etxebizitzarik eraiki gabe, 15 bat urte badira ez dituztela etxebizitza babestuak egiten gure herrian. Horregatik, txoke plan bat abiatu genuen eta, zorionez aipatutako epeak betez, gauzatzen ari da".

Salberdingo sustapena faseka egingo dute, eta Igerain errekatik iparraldera dagoen eremuan, eraiste lanak egiten ari diren gunean, egingo dituzte lehenbiziko esku hartzeak. Txurrukak zehaztu du gutxi gorabehera 20.000 metro koadro dituela eremu horrek, "hau da, bi futbol zelaien zabalera". Udalaren asmoa da agintaldi honetan babes ofizialeko 140 etxe zozkatu eta egitea, eta hurrengo agintaldietarako guztia prest egotea sustapen osoa aurrera eramateko.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide