Kalerki 2017

Erakusleiho biziduna eta birjantzien tailerra, Kalerkiko berrikuntzak

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 6a, 12:24

Birjantzien tailerra egiten ari dira Merkatu plazako lehen solairuan (Zarautz Kultura).

Matias Zanotti arduratuko da bi proposamenez. Tailerrarekin asteartean hasi ziren eta gaur bukatuko dute; guztira, 14 lagun ari dira parte hartzen.

Berrikuntzarik ere izango da aurtengo Kalerkin, hain justu ere, Madrilen bizi den Matias Zanotti argentinarraren eskutik. Honek Escaparate vivo izeneko «hasierarik eta bukaerarik ez duen ikuskizun-instalazioa» eskainiko du ostiralean eta larunbatean, jakitera eman duenez Kultura teknikari Olatz Azkuek. Modelo aretoko erakuslehioan ariko da bere loop performatiboa aurkezten, 23:00etatik au­rrera.

Zanottiren parte hartzea ez da horretara mugatuko. Asteartetik hasi eta gaur arte birjantzi tailerra eskaintzen ari da, 16:00etatik 20:00etara, Merkatu plazako lehen solairuan. Modaren eta plastikaren munduan sakontzen ari dira mo­du esperimentalean ikastaro honetan, eta, besteak beste, antzerkirako osagarriak sortzen irakatsiko die parte hartzaileei. Guztira, 14 lagunek eman dute izena tailerrean, eta horien artean, Alproja antzerki taldeko kide batzuk daude.

Gainera, egitasmoan sortutako birjantziak jendaurrean erakutsiko dituzte larunbat iluntzean, 21:00etatik aurrera, Modelo aretoaren kanpoaldean egingo duten desfilean. Kultura sailetik jakinarazi dutenez, Alprojakoen laguntza izango dute desfilea aurrera eramateko unean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide