Zarauzko Udalak hondakinen edukiontzien zerbitzu berezia eskainiko du uda sasoian. Hala, garbiketa areagotuko du eta jende gehien biltzen den lekuetan edukiontzietako hondakinak maizago bilduko dituzte. Horrekin lotuta, Iban San Martin Zerbitzuetako zinegotziak gogoratu du hondakinak ateratzeko ordutegi zehatzak–atxikitako dokumentuan daude zehaztuta– daudela, hiri hondakin solidoak kudeatzeko udal ordenantzan jasota dagoen bezala. Ordutegiok errespetatzea guztion lana dela nabarmendu du, eta ordutegi horietatik kanpo hondakinak ateratzen dituztenek isuna jaso dezaketela.
Era berean, txakurren jabeei gogoratu die txakur kakak jaso egin behar direla: "Txakurren kaken inguruan kexa ugari iristen dira udalera eta honen konponbidea oso erraza da. Txakurren jabeak paseatzera ateratzen zaretenean, txakurra lotuta eramateaz gain, plastikozko poltsa txiki bat eraman eta zuen txakurrak kaka egiten duenean jaso eta zakarrontzira botatzea besterik ez duzue". Txakurrak aske eramateak eta haien gorotzak ez jasotzeak eta ere zigorra dakarrela adierazi du.
"Guztion gozamenerako Zarautz txukun eta garbi mantentzea denon esku dago", gaineratu du. "Elkarbizitza bermatzea guztion lana da".