Aurten ere egitarau betea antolatu dute uztailerako eta abuzturako. Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak adierazi duenez, «Zarautz dagoeneko uda giroan murgildu da: toldoak jarrita daude, atzerritar ugari heldu dira...». Hala ere, «giro hori are gehiago bultzatzeko» iazko bidetik jarraituko dute. Horretarako, egitarau «zabala, anitza eta herritar guztiei zuzendutakoa» prestatu dute, Xabier Txurruka alkatearen esanetan.
Udalak iaz «apustu sakona» egin zuen amabirjinei bultzada emateko, festa horiek biziberritu behar zirela pentsatuta. Hori dela eta, jaiak luzatu eta Aste Nagusia antolatu zuten abuztuaren 13tik 21erako. Iazko «arrakastaren» ondoren, asteari eutsi eta «indartu nahiz zabaldu» egin dutela nabarmendu du alkateak.
Ama Birjin egunaren bezperan, abuztuaren 14an, emango diote hasiera Aste Nagusiari, eta hilaren 20ra arte askotariko ekitaldiak izango dira udalerrian. Gauetan, esaterako, kontzertu «potenteak» izango dira Dama aurreko agertokian. Iaz, Los Secretos taldearen emanaldia izan zen, eta aurten bakarra antolatu beharrean, punta-puntako taldeen kontzertuak izango dira aste guztian: Go!azen musika ikuskizuna, abuztuaren 16an; La Guardia taldearen eta Javier Ojeda abeslariaren kontzertua, abuztuaren 17an; Zea Mays taldearena, abuztuaren 18an; Golden Apple Quartet taldearena, abuztuaren 19an; eta Vendetta taldearena, abuztuaren 20an.
Desioak sutan ez da izango
Vendettaren emanaldia Sahara Gara ekitaldiaren barruan izango da. Ekitaldi hori Desioak Sutan Sahararentzat ekimenaren ordez egingo dute. «Aurten ez dira su bolak jaurtiko malekoitik eta hondartzatik. Iazko esperientziaren ondoren, ondorioztatu dugu su bolek arriskua sor dezaketela. Gertatu ziren nahi ez genituenak, eta, beraz, aurten Saharautz elkarteari beste modu batera lagunduko diogu». Hala, Sahararen aldeko gunea eta haur jolasak izango dira Dama inguruan, eta kontzertuak irauten duen bitartean, taberna bat jarriko dute. Salmentekin lortutako diruarekin sahararrei lagunduko diete.
Aurten ere, Caballer etxeak eskainiko ditu su artifizialak abuztuaren 15ean zein 16ean, eta berritasunen artean, Freestyle patinaje erakustaldia, masterclass irekia eta haurrentzat patinabenturak izango dira, abuztuaren 15ean.
Horrez gain, arraunak ere izango du bere tokia Aste Nagusian. Ohi bezala, KAE 1 Ligako XVIII. Zarautz Arraun Elkartea Ikurrina jokatuko dute, abuztuaren 19an, eta Euskotren Ligako Zarauzko IX. Ikurrinako nahiz Eusko Label Ligako Zarauzko XL. Ikurrina estropadak, abuztuaren 19an eta 20an. Aurten, berrikuntza moduan, Musika plazan atonduko dute estropadetako gune ludikoa.
Aste Nagusirako «motorrak berotzeko» ekitaldi berezia antolatu dute aurrez. Hala, abuztuaren 6an, Los 40 irrati katearen eskutik, kontzertuak izango dira Dama parean. Efecto Pasillo, Marlon, Bombai, Bromas Aparte, Ana Mena eta Oscar Martinez disko jartzaileen emanaldiak izango dira, Los 40 Summer Live jaialdiaren barruan.
Ohiko ekitaldiak ere bai
Berrikuntzez aparte, uda sasoiko ohiko ekitaldiek ere izango dute tartea bi hilabeteotan:
- Kalerki antzerki topaketa (uztailaren 6tik 8ra)
- Vista Alegreko jaiak (uztailaren 14tik 16ra)
- Halterofilia Kriteriuma (uztailaren 15ean)
- Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldia (uztailaren 23an)
- Galiziarren Eguna (uztailaren 23an)
- Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko festak (abuztuaren 10etik 12ra)
- Zarautz 3X3 Street Basket Txapelketa (abuztuaren 24tik 26ra)
- Kind Surf jardunaldia eta Zarautz Pro 4teen Surf Txapelketa (abuztuaren 25etik 27ra)
- Zarauzko Udako Musikaldia (abuztuaren 25ean)
- Euskadiko Kintopeko Harri Jasotzaileen Txapelketa (abuztuaren 27an)
- Txakolin eguna (abuztuaren 27an)
«Zarautz, ordea, ez da ekitaldiak bakarrik. Badugu mendia, paseatzeko leku ugari, pintxoak –bereziki, toldotxo– eta erosketak egiteko lekuak ere bai», gogoratu du Larrañagak.
Udako egitaraua etxez etxe banatu dute dagoeneko, eta Zarauzko Turismo Bulegoan nahiz malekoian atondu duten Informazio Puntuan ere eskuragarri dago.