«Ez naiz konturatzen hizkuntza aldatzen badut»

Zarauzko Hitza 2017ko ekainaren 28a

Amaia Morris.

Euskaldun poligloten inguruko erreportajea landu du Berria egunkariak, eta bertan Amaia Morris zarauztarraren bizipena jaso dute, beste batzuen artean.

Hiru ama hizkuntza ditu Amaia Morrisek (Zarautz, Gipuzkoa, 1988): euskara, gaztelera eta ingelesa. Beraz, ezagutzen dituela esatea motz gelditzea izango litzateke. Ingeles filologia ikasi du, eta irakaskuntzan jardun du 17 urte zituenetik. Orain, Ameriketako Estatu Batuetan dago bere ikasleekin, eta hizkuntza akademia bat zabalduko du Hernanin (Gipuzkoa). Frantsesa eta alemana ere ikasi ditu. Baina, hiru ama hizkuntzen erabileran arazorik izan ez arren, beste bat ikasteko zailtasunak nabarmendu ditu.

Aita estatubatuarra du Morrisek, eta ama, Iruñean jaioa. Amak, ordea, ez zuen euskara menperatzen. Horregatik, zaintzaile euskalduna kontratatu zuten gurasoek, seme-alabak euskaraz hezteko. Txikitatik hirurak izan ditu ama hizkuntza.

«Gure etxean hiru hizkuntzak erabiltzen ditugu», azaldu du Morrisek. «Nola guztiok dakizkigun, ez gara ezta konturatzen ere». Amarekin komunikatzeko gaztelera erabiltzen du zarauztarrak, aitarekin, berriz, ingelesa; hori bai, anaiarekin, euskara: «Ezingo nuke anaiarekin gaztelera edo ingelesa erabili». Lagunen bisitak izan arte, ohartu gabe zegoen ezohikoa dela etxean hiru hizkuntza erabiltzea.

Osorik irakurtzeko: Berria.eus

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide