Santamarinen ondoren, Zelai Ondoko festak dira jai egutegiko hurrengoak. Udaberriari agur esateko eta uda sasoiari ongietorria emateko aproposak; betiere, San Joan suaren epeltasunean antolatzen direnak. Gaur arratsaldean bertan emango diote hasiera, Zulaika botikaren ondoko biribilgunetik botako duten txupinazoarekin, eta igandea bitartean hainbat ekitaldi antolatu dituzte, jada ohiko bihurtu direnak: bola eta toka txapelketa, parrilladak, zumba, herri kirol eta halterofilia erakustaldiak, eta haurrentzako ekintzak nahiz puzgarriak, besteak beste.
Auzoko bazkaria ere antolatu du Zelai Ondoko jai batzordeak, iganderako, eta txartelak dagoeneko salgai daude Iluntzen, Trigalen, Zelaitxon, Aritzbatalden eta festetarako atonduko duten tabernan; helduenak 15 euro balio du, eta haurrenak 12 euro (12 urtera arte). Bazkaria 14:00etatik aurrera izango da; eguraldi ona egingo balu, pistan bertan, eta eguraldi txarrarekin, berriz, kiroldegian. Aurtengo menua ondorengoa da: haragi paella, txahala burduntzian eta postrea.
Hainbat urteko etenaldiaren ondoren, Zelai Ondoko jaiak berreskuratu zituzten auzotarrek, eta aurten laugarrenez ospatuko dituzte. «Amets hura egia bihurtzea lortu genuen, jende askoren inplikazioari eta eskuzabaltasunari esker. Auzoari bizitza eta kolorea itzultzea izan da betidanik gure asmoa, eta horretarako egiten dugu lan urte osoan zehar», nabarmendu du jai batzordeak festen berri emanez argitaratu duen eskuorrian.
«Izango da kexarik, baina baita zorionik ere», adierazi dute, baina «lanerako ilusioa eta gogoa dauden bitartean, jarraituko dugu auzoarentzat eta herriarentzat lanean». Eskerrak emateaz gain, haur, gazte eta heldu oro gonbidatu dituzte jaietara: «Maitasuna ez dadila falta, eta denak elkarrekin umore onez betetako jaiak goza ditzagula».
Asteburu luzea dute gozatzeko zelaiondotarrek eta, oro har, herritar guztiek, baina ospakizunak ez dira hor bukatuko. Ekainaren 23an biribilduko dute, urtero bezalaxe, San Joan bezperarekin. Aurten ere Mitxelena kalean piztuko dute sua, Antonio Aranzabal zenaren partzelan; azken asteetan aparlekuko gisa atontzen ari badira ere.
Ekitaldiari 22:00etan emango diote hasiera, eta herriko hainbat kultur taldek hartuko dute parte. Aurretik, sardina jana egiteko aukera eskainiko du jai batzordeak, eta sugarrek irauten duten bitartean, zuzeneko musika izango da.
Behin sua itzalita, sanpelaioek hartuko dute lekukoa jai giroari segida emateko.