Kalera Martxa egingo dute, presoen eskubideen alde

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 15a, 13:22

Kalera martxa aurkezteko, 338 eskuoihal jarri dituzte hondartzan, Munoa parean. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Hondartzan aurkeztu du Kalera Kalera dinamikak ekimen berria. Elkartasunezko martxa eskualdetik igaroko da: uztailaren 24ean Zumaiatik zein Getariatik eta uztailaren 25ean Getariatik zein Zarauztik.

338 eskuoihal huts kokatu dituzte gaur hondartzan, Munoa parean. Preso politiko bakoitzeko bana. Irudi horrekin aurkeztu du gaur ezker abertzaleko Kalera Kalera dinamikak euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko ekimen berria: Kalera Martxa. Mikel Urdangarinek eta Oihana Garmendiak azaldu dutenez, "berandu baino lehen preso bakoitza dagokion eskuoihalean egotea" nahi dute, "kalean eta gurekin".

Ekimen berriaren helburua da zortzi egunez Euskal Herriko hainbat herri zeharkatzea, "elkartasunezko eta maitasunezko aldarri hori zabalduz". Hala, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako errepideak eta herriak gurutzatuko dituzte oinez, trenez eta itsasontziz, zortzi etapa osatuz, gehienak kostaldetik. Uztailaren 20an Gernikan hasiko dute martxa eta uztailaren 27an Lakuntzan amaituko dute.

Tartean, eskualdetik igaroko da Kalera Martxa: uztailaren 24ean, astelehenean, helduko da Debatik Zumaiara, mendiz, eta ondoren Getariara iritsiko da. Hurrengo egunean, uztailaren 25ean, asteartean, Getariatik abiatuz Zarautz gurutzatuko dute, Hernani aldera jotzeko gero. "Bide batez, ahaleginduko gara festa, martxa eta borroka uztartzen", nabarmendu du Urdangarinek. Zentzu horretan, hainbat jardunaldi kultural eta musikal izango dira etapa bakoitzean.

Konponbidea, integrala

"Euskal Preso Politikoen Kolektiboa eztabaida garrantzitsu bat amaitzear da, eta eztabaida horrek oinarri sendoak jarriko ditu preso politiko eta iheslari oro kalean izan ditzagun", gaineratu du Urdangarinek. "Hala, lortuko baldin badugu, ezinbestekoa izango da erabakiko duten bide hori herritarrok hauspotzea eta babestea, kaletik eta herritik".

Garmendiak gaineratu du "konponketak integrala" behar duela izan: "Kaltetuak kalean egoteko eragozpenek desagertu egin behar dute. Presoak kalera ateratzea ezinbesteko urratsa da Euskal Herria bakean eta askatasunean bizitzeko"

Hori dela eta, euskal herritarrei eta, bereziki, gazteei dei egin diete Kalera Martxan parte hartzeko, "Euskal Herriko herriak elkartasunez eta maitasunez blaitu daitezen". "Guk argi daukagu: bakean eta askatasunean oinarritutako herri bat eraikiko baldin badugu, preso eta iheslari politiko oro kalean behar ditugu, eta horretarako herritarrak kalera irten behar dugu". Ekimen berriak horretarako aukera emango duela nabarmendu du.

Garmendiak jakinarazi du martxan parte hartzeko izena eman beharko dela herriko bakoitzeko ohiko lekuetan. Bonoak ere aterako dituzte, martxa guztirako zein etapa bakoitzerako.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide